Zaldibarko zabortegiko sutea itzaltzen hasi dira makinak

0

Zaldibarko zabortegia eraisteari buruzko koordinazio eta jarraipen mahai teknikoaren hirugarren bilera gaur goizean egin dute Zaldibarko udaletxean. Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen, Osasun, Segurtasun, Lan eta Justizia sailez gain, Eibar, Ermua, Zaldibar eta Mallabiko alkateek eta aditu geoteknikoek osatzen dute mahaia.

Iñigo Urkullu Lehendakaria bileraren lehen zatian izan da, eta mahai teknikoak hartzen dituen erabakietan bere babesa eta konfiantza helarazteko aukera izan du.

Mahaia berriro bildu da azken egunotan egindako jardueren jarraipena egiteko helburu nagusiarekin; besteak beste, airearen kalitatearen neurketak eta emaitzak eta sutea itzaltzeko egiten ari diren lanak nabarmendu dituzte.

Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak azaldu duenez, sutearen fokurako sarbideetan bi egunez lanean aritu ondoren, makineria astunak (3 hondeamakina eta 23 metroko beso bat) lur gainean aurrera egitea lortu du gaur goizean bertan. Hala, aurreikusita dago sua lur bidez itzaltzeko lanak gaurko egunean zehar hastea.

Bestalde, Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak gogorarazi du airearen dioxinen mailak ez duela berehalako arriskurik eragingo osasunean, eta atzo Sailak gomendatutako neurriak prebentziozkoak direla.