Sektoreari emandako sariak eta lehiaketa gastronomikoa izango dira aurtengo edizioaren beste elementu berriak.
Frijituen onurak eta eragin kaltegarriak zehatz-mehatz ezagutzea, erosten ditugun produktuen etiketak ulertzea, elikadura txarraren eta minbiziaren arteko harremana, edo produktu ekologikoen ahulguneak eta indarguneak izango dira, besteak beste, Bilbao Exhibition Centre-n martxoaren 6tik 8ra burutuko den Gustoko elikagaien eta produktu gastronomikoen azokako dibulgaziozko hitzaldi zientifikoetan jorratuko diren gaietako zenbait. Gehienez ere 20 minutuko iraupena izango duten hitzaldi labur hauek, bestelako meritu akademikoez gain, nutrizioan, fisiologian edo prebentziozko medikuntzan espezializatuta dauden unibertsitateko katedradunak izango dituzte hizlari, eta aurten hirugarren edizioa ospatuko duen bi urtean behingo azoka honen berrikuntza nagusietako bat izango dira. Hizketaldiak topagunearen hiru egunetan zehar banatuko dira, baina ostiraleko inaugurazio saioa sektoreko profesionalei zuzendua egongo da esklusiban.
Gustoko azokak tokiko ekoizle ekologikoen erreferentziako foro bihurtu nahi du, jatorri-deituren topagune izatearekin batera. Berez, BECeko 1. pabiloiaren bizitza martxoan moteldu egingo da, slow filosofiari bidea uzteko. Hiru egunetan zehar, penintsula osotik iritsitako 300 ekoizle inguru bilduko ditu, publikoari eta profesionalei euren produktuek hiru funtsezko baldintza betetzen dituztela frogatzeko asmoa dutenak: bertakoak dira, artisauak dira eta kalitate oneko produktuak dira.
Hala ere, nekazal munduaren topagune honek salmenta puntu eta erakustokiak baino askoz gauza gehiago eskaintzen ditu. Aurtengo ediziorako, Gustoko azokak oso programa zabala prestatu du eta, besteak beste, aipatu ditugun hitzaldiak edo Euskal Herriko Medikuntzaren Errege Akademiak zuzendutako sektoreko sarien lehen edizioa ekarriko dizkigu. Sari hauekin elikaduraren eta gastronomiaren arloetako berrikuntza, ibilbide profesionala eta ekintzailetza gaztea goraipatuko dira, beste kategoria batzuekin batera.
Alderdi ludikoari dagokionez eta Makilaren Kofradiaren eskutik, lehenengoz burutuko den 2020 Gustoko Lehiaketa Gastronomikoaren I. edizioa izango dugu ikusgai, martxoaren 7an, larunbata, José Antonio Bastegieta “Marko” ezaguna eta Jose Muruaga aurkezle izango dituena. Parte hartzaileak porrusaldarik onena prestatzen ahaleginduko dira eta amaierako erabakia epaimahai espezializatu batek hartuko du.
Gustoko azoka paregabea da, programa espezifiko bat bilatzen duen publiko profesionalari zein hainbat jarduera aurkituko dituen publiko orokorrari ere zuzendua baitago. Lehengo atal profesionalago horretan, dastaketak, showcooking erakustaldiak eta, batez ere, alderantzizko misioak egongo dira, izan ere, ekoizleek erosketa zentralen, orotariko banatzaileen eta kanal espezializatuen bisita jasoko dute. Halaber, aldez aurretik adostutako topaketa pribatuak.
burutzeko espazio bat ere izango dute erabilgarri. Publiko orokorrari dagokionez, produktuen erakusketa guneaz gain, artisautzari erreserbatutako espazio bat egongo da, tailer eta hitzaldiekin, baita showcooking erakustaldiak, kalejirak eta elikadura osasuntsuaren inguruko haurrentzako programak ere.