Trafikoko zuzendariak Bide Segurtasunerako Biltzar Globalean parte hartuko du Stockholmen

0

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak Bide Segurtasunerako Hirugarren Biltzar Global Ministerialean parte hartuko du aste honetan. Biltzarra “2030erako helburu globalak betetzen” izenburupean egingo da Stockholmen otsailaren 19an eta 20an. Suediako Gobernuak eta Osasunaren Mundu Erakundeak antolatutako biltzarrean mundu osoko 140 bat herrialdetako 1.700 ordezkari elkartuko dira Stockholmeko Waterfont Congress Centerren.

Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendaria otsailaren 18an “Trafiko eta mugikortasun segurua hirietako biztanleentzat” izenburua duen jardunaldian parte hartzera gonbidatu dute. Zehazki, ‘Bide-segurtasuna, bizitzeko moduko hirien giltza” gaiari buruzko paneletako batean parte hartuko du trafikoko zuzendariak.

Horrez gainera, otsailaren 20an, eta Biltzar Globalaren baitan, Trafikoko zuzendariak bide-segurtasunaren arloko Euskadiko politika azalduko du ‘Promoting Sustainable Cities and Communities’ izenburua duen beste paneletako batean, Londreseko eta Luxemburgeko Ministerioko trafikoko pertsonalarekin batera. Moderatzaile-lanetan Claudia Adriazola-Steil, Hiriko Mugikortasuneko zuzendariordea eta Hiri Jasangarrietarako WRI Ross Zentroan Osasuneko eta Bide-segurtasuneko zuzendaria dena, arituko da.

“Garrantzizkoa da Biltzar Global horretara joatea, trafikoaren, garraioaren, bide-segurtasunaren eta mugikortasun seguru eta jasangarriaren arloko adituek parte hartuko baitute, eta NBEk 2030erako ezarriko dituen garapen jasangarrirako helburuak zein diren zuzenean jakiteko aukera aparta baita. Nazioarteko topaketa horretan 2011-2020 Hamarkadan arrakastarik handiena izan duten esperientziak ere azalduko dira” adierazi du Trafikoko zuzendariak, eta gogora ekarri du bertan azaltzen den informazioan oinarrituta landuko dela Euskadiko 2021-2026 aldirako Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoa.