Badator inauteria eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren gomendioa da dibertsioa segurtatzea. Horretarako, mozorro-jantziek ahalik eta seguruenak izan behar dutela gogorarazten du.
Mozorro-jantziak, aldizka-aldizka erabiltzen direnez gero, gutxiago irauten duten materialekin fabrikatuta daude, edo beste jantzi batzuen txatalekin. Hortaz, komeni da azti ibiltzea jantzi horien segurtasunarekin.
Beti aukeratu behar dira suaren kontrako erresistentzia duten materialez egindako mozorro-jantziak, Europako araua betetzen dutenak; horretarako CE ikurra eraman behar dute. Karetak edo antzekoak erabiltzen badira, komeni da burua osorik estaltzen ez dutenak aukeratzea, eta beti ziurtatu behar da nahikoa zulo dituztela arnasa hartzeko. Ezinbestekoa da beti etiketa ondo begiratzea fabrikazio-materialak ziurtatzeko eta alergia posibleak, urratuak eta abar prebenitzeko.
Mozorro-jantziak, 14 urtetik beherakoentzat eta 12 hilabetetik gorakoentzat direnean, jostailu gisa sailkatzen dira, eta eskakizun zorrotzagoak bete behar dituzte. Beti begiratu behar da arretaz etiketa, eta ziurtatu egin behar da mozorro-jantzia adinerako egokia dela. Jakina, suaren kontrako ahalik eta erresistentzia handiena duten materialak bilatu behar dira; mozorro-jantziek xehetasun txikiak ez edukitzea ‒perlak edo lentejuelak adibidez‒ askatu eta ahora eraman daitezkeelako, eta lokarriak ez edukitzea txanoetan edo lepokoetan, ustekabeko itoaldi bat eragin dezaketelako.
Makillajeen kasuan, nahitaezkoa da ziurtatzea iraungitze-data erreakzioak prebenitzeko, eta kasu honetan makillajearen konposizioa ere, larruazaleko erreakzio deserosoak saihesteko. Bai makillajeetan bai tindagaietan egiaztatu egin behar da urarekin garbitzeko modukoak direla.
Kontsumobidek gomendatzen du hurbileko eta konfiantzazko dendetara joatea, segurtasun-berme gehigarri bat izan daitekeenez gero. Online erosita ere hartu behar dira kontuan gomendio hauek guztiak. Online erosten denean beti dago 14 eguneko epe bat erosketan atzera egiteko (betiere mozorro-jantzia ireki eta erabili ez bada) arrazoirik eman behar izan gabe.