Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Osasun, Segurtasun, Lan eta Justizia sailek eta Bizkaiko Foru Aldundiak Zaldibarko zabortegia eraisteari buruzko koordinazio eta jarraipen mahai teknikoaren bigarren bilera egin dute gaur goizean, otsailak 18.
Bilera goizeko 9:30ean hasi da, eta dagoeneko martxan dauden ekintzen jarraipena egitea eta neurri berriak hartzea izan du helburu. Bertan izan dira CSICeko – Ikerketa Zientifikoen Behin-behineko Kontseilua- ikertzailea eta kutsatzaile organiko iraunkorretan aditua den Begoña Jiménez eta NEIKER eta ELIKAko nekazaritzako elikagaien kalitate eta kontrolean bi aditu.
Ernesto Martinez de Cabredo Arrieta Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak bileraren ostean baieztatu duenez, sutearen foku guztiak atzo arratsaldean itzali zituzten. «Lan taldeak erne jarraitzen du, eta erretena mantentzen du badaezpada», gaineratu du.
Begoña Jiménez, CSICeko dioxinen eta furanoen mailak aztertzen dituen laborategiko arduradunak, zehaztu du osagai kutsatzaileen balioa izugarri baxua dela, eta aztertutako datuak lagin bakarrari dagozkiola, eta, beraz, puntualak direla. Era berean, ikertzaileak lasaitasun mezua zabaldu du eta informazioa testuinguruan jartzeko deia egin du. Zentzu horretan, egindako gomendioak zentzuzkoak direla eta zuhurtzia-printzipioari erantzuten diotela adierazi du.
Elikako Elikadura Arriskuen arduradun Amaia de Ariñok azaldu duenez, zabortegiaren erorketak kaltetutako eremuko lurzoruko laginen emaitzek lurzorua egoera onean dagoela baieztatu dute. Zabortegiaren mugakide diren baserrietako lurzoru laginak Elikako laborategiek aztertu dituzte, eta Ariñok esan duenez, «Aztertutako parametro guztiak erreferentziazko mailen azpitik daude». Ondorioz, inguruko nekazaritza produktuak kontsumitu eta merkaturatzeari uko egiteko gomendioa altxatzeko erabakia hartu da.
Baratzeko eta larreetako produktuen laginaren emaitzak ostiral honetarako daude iragarrita. Edonola ere, lurzorua kaltetuta ez badago, landareek inolako anomaliarik ez izatea espero da.