Itzuliak aurtengo kartela aurkeztu du, Asisko Urmeneta artista nafarrak egin duena

0

Asisko Urmeneta artista nafarrak aurkeztu du, gaur goizean, Euskal Herriko Itzulirako egin duen kartela, Euskadiko Artxibo Historikoan. Bigarren urtez jarraian, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proposatuta, kartela Literatura Lanaren Ilustrazioa modalitatean Euskadi Literatura Sariaren irabazleak egin du. Era horretara, Gerra Zibilaren aurreko tradizio bat berreskuratu nahi da, garai hartan goi-mailako euskal artistek egiten baitzituzten txirrindularitza-lasterketa historiko honen kartelak.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Itzulia antolatzen duen OCETAko presidente Julian Eraso izan dira, Asisiko Urmenetarekin batera, aurtengo Itzuliaren kartelaren aurkezpen-ekitaldian. Artista nafarrak modu honetan azaldu du aurtengo kartela osatzeko egin duen apustua: “Zenbait kontzeptu bateratu nahi izan ditut: mekanika (tresnak, piezak…), kateen eta plateren bidez irudikatutako 2020. urteari lotutako joko bat eta, hirugarrenez, Euskal Herriko aldapak”.

Prozesuari dagokionez, Urmenetak adierazitakoaren arabera, bizikleten mekanikari bat bisitatuz ekin zion lanari. “Lehendabizi, bizikleten mekanikari baten tailerra bisitatu nuen eta zer material erabil nezakeen aztertu nuen. Ondoren, konposizioa osatzeko unea iritsi zen. Amaitzeko, argazki bat egin nuen eta ordenagailu bidez landu nuen”, azaldu du Urmenetak.

Zupiria sailburuak, bestalde, ekimen honen jatorria gogoratu du: “Ideia Antonio de Guezala margolariaren senitartekoekin egindako topaketa batean sortu zen. Hitzordu horrek Gerra Zibilaren aurreko tradizioa gogora ekartzeko balio izan zigun. Garai hartan goi-mailako euskal artistak arduratzen ziren Itzuliaren kartelak egiteaz. Tradizio hura berreskuratzeko asmoa Itzuliaren antolatzaileei helarazi genien eta oso egokia iruditu zitzaien”.

Ildo horretatik, sailburuak adierazi duenez, ekimen horren bidez hiru helburu bilatzen dira: “Bide honi helduz talentu handiko euskal artisten belaunaldi bat gogora dezakegu, artea eta kirola uztartzen dituen tradizio bat berreskuratuz. Bestalde, euskal sortzaileei euren lana erakusteko eta ohikoa ez den publikoarengana heltzeko aukera berriak ematen dizkie. Azkenik, aukera hau baliatzen dugu Itzuliaren tradizioa eta ospea aldarrikatzeko, Itzulia goi-mailako kirol-proba baita”.

Era horretan, iaztik hasita, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren proposamen honen bidez eta Itzuliaren antolakuntzaren eskutik, urtero, euskal sortzaile batek lasterketa honetako kartela egiteko aukera izango du.

Aurtengo Euskal Herriko Itzulia edo Basque Country Itzulia apirilaren 6an hasiko da Eibarren, eta hilabete bereko 11n amaituko da Bilbon, 6 etapatan banatuta euskal geografia osoa gurutzatu ondoren.

Aurtengo egilea

Asisko Urmenetak (Iruñea, 1965) hainbat kolektibotan hartu du parte, besteak beste, Napartheid, Marrazkirri, Anitx Txintxon, Zazpiak Batman, H28 edo Xabiroi. Gainera, sari eta aitorpen ugari jaso ditu; horietako batzuk nazioartean (Kuban, Korsikan, Australian edo Argentinan saritu dute). Bere komiki-bildumen artean honako hauek aipa daitezke: ‘Hegoekialde Urruneko Legenda’, ‘Erraondo’, ‘I am Pellot Biba Festa» (Anitx Txintxon kolektiboan (i); zuzendaria, Koxemari Larrea), ‘Okatxu’ (Mattin Irigoien eta Adur Larrearekin), ‘Gartxot’ (Marko Armspach-ekin), ‘Eusklabo Alaiak’, ‘AztiHitza’ edo ‘1620: Nafarroa BehereGaina’. Zinemaren esparruan ‘Munduari Bira Doan’ eta ‘Gartxot’ lanetan hartu du parte, bietan Edorta Barruetabeña eta Juanjo Elordirekin. Azkenik, liburu ilustratu eta banda grafiko ugari argitaratu ditu. Halaber, lengoaia ez formalaren inguruan ikerketak eta sormen-obrak ere egin ditu (‘Mantxut’ bilduma, Kike Amonarriz, Jon Alonso eta Antton Olariagarekin).

Iaz ‘AztiHitza: Xahoren biografikoa’ lanarengatik Euskadi Literatura Saria jaso zuen. Epaimahaiaren hitzetan, “komikiaren lengoaiaren mugekin jokatzen duen proposamen ausarta” Agosti Xaho gogoratzeko.