Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak “Ekonomia Zirkularra tokiko esparruan sustatzeko gida” argitaratu du. Gida hori gaur aurkeztu du Jesús Losadak, Ihobe sozietate publikoaren zuzendari nagusiak, “Ekonomia zirkularra sustatzea tokiko esparruan. Ekintzarako gida” izenburupean Bilbon egindako jardunaldiaren baitan.
“Tokiko eta eskualdeko erakundeek funtsezko rola jokatzen dute trantsizio hau abiatzeko eta azkartzeko zereginean, hiri eta lurraldeetako ekonomia zirkularragoa izateari begira. Tokiko administrazioa funtsezkoa da eredu ekonomiko berri honen sustapenerako, bere eskumenen aplikazioaren bidez, bai instituzioaren barneko ikuspegitik eta bai ekoizpen- eta kontsumo-eredu zirkularragoen sustapen aktiboaren ikuspegitik», azpimarratu du Jesús Losadak.
Ihobe sozietate publikoaren arduradun nagusia –erakunde hau Udalsarea 2030en idazkaritza tekniko gisa aritzen da- tokiko erakundeen aldetik bertaratu diren pertsonengana zuzendu da, ekonomia zirkularra administrazioaren barnean aktiboki aplikatu dezaketela nabarmenduz. “Udal eskumenen artean badira baliabideen kudeaketarekin zerikusia duten eskumen asko, eta horietan ekonomia zirkularraren irizpide eta estrategiak aplikatu daitezke, hala diseinu fasean nola inplementazio fasean. Hondakinen kudeaketa, ekipamenduen kudeaketa edo erosketa eta kontratazio publikoa horren adibide izan daitezke».
Jesús Losadak defendatu du tokiko erakundeek ekonomia zirkularra errazteko rola joka dezaketela, eredu hori ehun ekonomikoan dinamizatuz eta sustatuz; izan ere, konfiantza, lankidetza, elkarlan eta gardentasun giroa bultzatu dezakete, eta horren bidez baldintza egokiak sortu ekonomia zirkularraren sustapenerako. “Herritarrengandik hurbil zaudetenez –adierazi du-, kontsumo-eredu zirkularrak sustatu ditzakezue produktu eta zerbitzuen kontsumoan. Posizio horrek ahalbidetzen dizue hedakuntza egitea, sentsibilizatzea eta kontsumo jasangarriagoa sustatzea”.
Orientabide praktikoak tokiko esparruan
Udalsarea 2030en Ekonomia Zirkularraren Taldeak landutako gidaren helburua da ekonomia zirkularraren kontzeptua hedatzea eta orientabide praktikoak ematea tokiko esparruan, batez ere arduradun politikoei eta pertsonal teknikoari, ekonomia zirkularra zenbait mailatan bultzatzeko eta sustatzeko, bai administrazio publikoaren eremuan bertan eta bai haren inplementazioa gizarte- eta enpresa-ehunean erraztuz.
Bere lehenengo blokean, argitalpenak ekonomia zirkularraren kontzeptua aurkezten du, eta baita Europa, Estatu eta Euskadiko estrategia nagusiak ere. Halaber, tokiko esparruak haren bultzadan jokatzen duen rola zehazten duen hitzaurre bat dauka. Ekonomia zirkularraren helburua da produktu, material eta baliabideen balioa ekonomian ahalik eta denbora luzeenean mantentzea eta ezin aprobetxatu daitezkeen hondakinen sorrera ahalik eta gehien murriztea. Era horretan, material eta produktuen iraunkortasunaren eta haien balio-bizitzaren luzapenaren alde egiten da, eta baita konponketaren, berrerabilpenaren eta hondakinen birziklapenaren alde ere.
Bigarren blokeak jarraibide, urrats eta aholku praktikoak eskaintzen ditu tokiko erakundeak jarduten hasi daitezen eta ekonomia zirkular eta berdea euren lurraldean bultzatu dezaten, kontuan hartuta tokiko eta eskualdeko agintaritzek funtsezko rola jokatzen dutela ekonomia zirkularrera daraman trantsizioa hiri eta lurraldeetan abiatzeko eta azkartzeko zereginean.
Azken blokean, berriz, ekonomia zirkularraren alorrean izandako esperientzia arrakastatsuen eta ekimenen adibideak aurkezten dira, bai Euskadikoak, bai beste autonomia erkidegokoak eta bai Europakoak edo munduko gainerako herrialdeetakoak ere.
Jardunaldiaren azken partean zenbait ekimen aurkeztu dira, hala nola Gasteizko Udalaren Ekonomia Sustapen Sailaren Ekonomia Zirkularraren Plana; Debegesa Eskualde Garapeneko Agentziak Debabarreneko Ekonomia Zirkularraren Agendaren negozio-aukerak aurkeztu ditu; Amurrioko Udalaren Ingurumen Sailak eta Amurrio Bidean-ek, berriz, AmurrioEKOiztu ekimena azaldu du, hots, herri horretako ekologia industrialeko eredu bat definitzeko proiektua.