Aldapa eta eskailera mekaniko berrietan bideokamerak instalatzea bultzatu du Barakaldok, eraso bandalikoak saihesteko

0
Ekimena disuasio-neurri gisa egingo da; hasteko Eguzkiagirreko aldapa mekanikoetan egingo dute, eta ondoren gainerako instalazio mekanikoetara zabalduko dute.

Hiriko aldapa eta eskailera mekanikoetan bideokamerak jartzen hasi da Barakaldoko Udala.  Helburua, hauxe: udalerriko aldapa mekanikoak eta igogailuak instalazioak egun batzuk eta zenbait astez geldiarazita uzten dituzten ekintza bandalikoetatik babestea.  «Argi dugu neurriak hartu beharra dagoela, herritarrentzat hain garrantzitsuak eta beharrezkoak diren instalazioak hondatuz ondo pasatu nahi duenak egindakoa ordaindu dezan», adierazi du Amaia del Campo alkateak.

Dagoeneko hamar bat eskailera eta aldapa mekaniko ditu hiriak, eta horiei beste bi igogailu gehituko zaizkie laster Etxartxu eta Sieben. «Hasiera-hasieratik baloratu dugu instalazio horiei disuasio-elementu gisa jardungo duen bideokamera bat gehitzeko aukera; horregatik, azken lau urteetan sortutako aldapa eta eskailera mekaniko guztiek bideokamerak jartzeko beharrezko instalazioa dute», adierazi du alkateak.

Hala, joan den astean zehar Eguzkiagirreren aldapen ondoan bideokamerak jarri dituzte. «Horietan jarriko dugu abian lehenengoz neurri hau, baina pixkanaka-pixkanaka zaintza sistema hori jartzen joango gara gainerako eskailera eta aldapa mekanikoetan», zehaztu du Del Campok.

Ekimen hori disuasio-neurri gisa jaio da, hiriko eskailera eta aldapa mekanikoak babesten saiatzeko. «Instalazio horien funtzionamenduan gertatzen diren matxuren ondorioak askotarikoak dira: eraso bandalikoak, bat-bateko geldialdiak, eskudelaren haustura¿ Aldapa mekanikoak gelditzearen ondorioz herritarren artean gero eta kezka  handiagoa dagoela ikusi dugu, eta horregatik erabaki dugu neurriak hartzea», adierazi du Del Campok.

«Ezin dut ulertu nola goza dezaketen batzuek barakaldar guztionak diren (baita hondatzen dituztenenak ere) instalazioak apurtzen», azpimarratu du Del Campok. «Ulertezina da. Ekintza hauekin auzoak egun eta aste askotan geratzen dira aldapa eta eskailera mekanikorik gabe auzotik auzora mugitzeko; beraz, pauso irmoa emango dugu ekintza bandalikoekin hondatzen dituztenek egindakoa ordain dezaten», ziurtatu du.

Neurria gainerako aldapa eta eskailera mekaniko berrietara zabalduko da (Arrontegi, Andikollan). Gainera, laster hirian aurreikusita daudenetara, Etxatxuko eta Siebeko igogailu berrietara eta Arteagagoiko eta Sortzez-Garbiako eskaileren berritzeetara ere gehituko da.