Aldundia eta Bizkaiko enpresa sarea Bizkaia Enpresa topaketan bildu dira

0
PRUEBA

500 bat enpresa bildu dira gaur goizean BECen Ekonomia Sustatzeko Sailak eta Beaz foru elkarteak antolatutako bederatzigarren Bizkaia Enpresa topaketan. Jardunaldi honen gai nagusia aurten lankidetzako ekosistemak izan dira eta enpresa sareak dituen erronkei buruz eztabaidatzeko eta erakundeen arteko lankidetzaren arloko esperientziak ezagutzeko balio izan du.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak parte hartu du topaketan eta Bizkaia haztea lortzeko lanean jarraitzeko deia egin die bertaratutakoei. «Nik hemen ez ditut 500 enpresa ikusten. Bakarra ikusten dut: Bizkaia. Hemen gauden guztiok Bizkairako egiten dugu lan. Bizkaiko pertsonentzat, lurraldeko bizi-kalitatea hobetzeko eta Bizkaia hobea egiteko. Helburu hori partekatzen dugu. Baina hori lortzeko gauza gehiago partekatzen jarraitu behar dugu. Bidea, erronkak, aukerak, egiteko modua… partekatu behar ditugu, eta elkarrekin jarraitu behar dugu», baieztatu du Rementeriak.

Ahaldun Nagusiak nabarmendu du ziurgabetasun testuinguru orokor baten Bizkaiak segurtasuna eta egonkortasuna eskaintzen dituela eta ziurtatu du Aldundiak lanean jarraituko duela lurraldeak ezagun eta erakargarri izaten jarrai dezan. «Loturak, errepideak, garraioa eta mugikortasuna hobetuz. Mundu osoan inbidiagarriak diren  egonkortasun politiko, sozial eta ekonomikoarekin. Bizkaia portu segurua da orain  ziurgabetasunez beteta dagoen itsasoan. Espainian inbidiatu eta Europan aintzatetsi egiten den fiskalitatea bultzatuz. Talentua zainduz eta proiektu berri eta berritzaileei eskua emanez», adierazi du.

Ekonomia Sustatzeko foru diputatuaren esku hartzearekin amaitu den topaketa honetan ere ardatza berrikuntza izan da. Ainara Basurkok azpimarratu du lehiakortasunera iristeko ez dagoela bidezidorrik eta egungo erronkek derrigorrez eskatzen dutela berritzen jarraitzea. «Azken urteotan ezer ikasi badugu da egoera ekonomiko txarrari aurre egiteko funtsezkoa dela mehatxuak aukera gisa irakurtzeko gai izatea eta etortzeke dagoenari aurrea hartzea. Ez dago lehiakortasunarekiko bidezidorrik, baina murgilduta gauden erronka handiei aurre egiteko laguntza aurkituko duzue: aurrerapen teknologiko geldiezina, erronka demografikoak eta ingurumenekoak… Erronka komunak dira; enpresa-sarearenak, erakundeenak, gizarte osoarenak. Eta modu bateratuan jorratu behar ditugu», azaldu du diputatuak.

ON Bizkaia 2020 Sariak

Ekonomia Sustatzeko Sailak ETEen eta pertsona ekintzaileen eskura jartzen dituen zazpi laguntza-programen kudeaketan laguntzen du BEAZek. 2019an lurraldeko 486 enpresaren 512 proiektu babestu ziren Beazetik. 704 eskaera aurkeztu ziren. Batez besteko dirulaguntza 32.000 eurokoa izan zen, eta proiektu horien guztien 2 urterako fakturazioa 486 milioi eurokoa da. Eta 2 urterako enplegua sortzeko aurreikuspena 2.180 lanpostu berrikoa da.

Horien guztien artean bi irizpideren arabera -jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen laguntzea- nabarmendutako proiektu eta enpresak dira kategoria desberdinetan urtero On Bizkaia Sariek aintzatesten dituztenak.

  • Berrikuntza proiektuaren saria: Guivisa

1949an sortu zen Guivisa, eta altzairu moldekatuaren galdaketan garatzen du bere jarduera nagusia.  Enpresa gisa, gaitasun eta malgutasun produktibo handiagatik nabarmentzen da.  Bere historian ohikoak dira produktu eta merkatuen aldaketak eta txandakatzea. Bere know how-ak lagunduta, enpresak egokitzen eta berrikuntza-prozesuak txertatzen jakin du.  Horixe da haren azken proiektuaren kasua.  2010eko krisien ondoren, Guivisa 4.0 industriara bideratu da.  Orduan, galdaketaren sektorean teknologia berritzailea ezartzea erabaki zuen, kostuak eta denborak nabarmen murriztea ahalbidetuz; horrek, gainera, berekin ekarri zuen enpresak hazkunde- eta espezializazio-estrategia berri bat abiaraztea.

  • Nazioartekotze-proiektuaren saria: Zunibal

Zunibalek produktu eta zerbitzu elektronikoak garatzen ditu itsas sektorean aplikatzeko.  Arrantzari aplikatutako komunikazio satelitalak erabiltzen aitzindariak dira, eta I+G+b sail garrantzitsu bat dute, bezeroen beharretara eta merkatura egokitutako soluzio teknologikoak garatzen lan egiten duena.  Atuna arrantzatzeko lehen buia satelitaletatik olatuak neurtzeko azkenetara, Bizkaian jaiotako enpresa honen historia munduko arrantza- eta itsas sektorearekin paraleloan doa.  Planetaren mutur batetik bestera, Japoniatik Panamara, arrantzan garrantzia duten herrialde guztietan du presentzia Zunibalek, eta bere ekoizpenaren %80 esportatzen du.  Nazioartekotzea da haren hazkundearen gakoa.

  • Sormenezko Bizkaia proiektuaren saria: Tellmewow

2018an, proiektu digitaletan eta bideojokoetan adituak diren ekintzaile talde batek beren ezagutzak batzea erabaki zuen, gailu mugikorretarako aplikazioak eta jokoak sortzeko.  Horrela sortu zen Tellmewow, senior games-en garapenean espezializatutako estudio bilbotarra, betiere arreta, oroimena, koordinazioa, ikusmen-pertzepzioa edo arrazonamendua bezalako trebetasunak trebatu nahi dituzten pertsonei zuzendua.  Dagoeneko 5 jokok 20 milioi deskarga gainditu dituzte, eta horietatik % 95 atzerritik datoz:  AEBetatik, Brasiletik, Mexikotik, Italiatik edo Japoniatik.  2020. urtea negozioa profesionalizatzeko, zientifikoki baliozkotzeko eta merkatu-kuota handitzeko erronkarekin hasi zen.

  • Ekintzailetzako eta gizarte-berrikuntzako proiektuaren saria: SSI Taldea

1986an SSI Taldea sortu zen Bilbon, helburu bikoitzarekin:  autonomia gabezia duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta ahultasun soziala duten emakumeen autoenplegua antolatzea.  Gaur egun erreferentzia da, Estatuan emakumeek integratutako eta kudeatutako laguntza-kooperatiba bakarra delako, bai eta esperientziak arrakasta izan duelako ere.  SSI taldeak Bizkaiko eta Gipuzkoako 16 udalerritan du presentzia, 183 bazkide ditu, 470 langileko plantilla, eta 2.100 pertsona baino gehiagori ematen die zerbitzua. Bere egiturak hainbat eremu barne hartzen ditu.  I+G+B eta ekintzailetza arloei esker, 31 berrikuntza-proiekturi ekin ahal izan zaie (6 europarrak izan dira), eta eragile aktibo bihurtu Silver economy sektorean.

  • Enpresak sortzeko proiektuaren saria: Comalaetxea

Comalaetxea euskal software garatzaileen talentua ilustratzen duen startup bat da. Halaber, ingurune lehiakorra gara mundu mailan, Kanadako enpresa batek bere I+G unitatea Bilbon irekitzea erabaki dezan bezainbeste. Kanadako Comalatech da, Atlassian plataformaren gainean lan egiten duen erreferentziazko enpresetako bat. Bizkaikoa Comalaetxea da.  2018an sortua, gaur egun 17 profesionalek osatzen dute enpresa, Comalatech abangoardian mantentzea ahalbidetzen duten produktu teknologiko berritzaileak garatuz.  Hain zuzen ere, Ameriketako Estatu Batuetako, Kanadako, Australiako eta Europako korporazio handiek eskatutako produktu eta zerbitzuetan jartzen du arreta Comaletxeak.

  • Spinoff Ibilbidearen saria: CMZ Seuner fabricados

2014an, CMZk muntaketa-planta berri bat eraikitzea erabaki zuen Mallabian, tamaina eta dimentsio handiagoko produktuak fabrikatzeko.  Enpresak CNC tornu-fabrikatzaile europarra izan nahi du, eta nitxo horretan espezializatu da.  Bi erronka horiei aurre egiteko Seuner Fabricados sortu zuen.  Spinoff-ak makina handiak muntatzeko aukera emateaz gain, makina-erreminten fabrikatzaile gisa duen dimentsioa handitzen du.  Taldeak nabarmen hobetu du bere lehiakortasuna eta, inguruan duen trakzio-efektua kontuan hartuta, Durangaldeko industria osagarriaren eta industria-horniduren lehiakortasuna ere hazi egin da.

  • Startup ibilbide saria: Micolet

2015ean, Bizkaiko hiru ekintzailek enpresa-proiektu bati forma eman zioten, sektore digitalean zuten esperientzia, modarekiko interesa eta kontsumitzaile gisa zuten ingurumen-kontzientzia uztartuz.  Horrelaxe sortu zen bigarren eskuko emakumezkoen arropa on-line saltzen zuen startup hau.  Micoletek 50 pertsona enplegatzen ditu gaur egun, eta milaka erabiltzaile ditu, dagoeneko erabiltzen ez dituzten jantziak azkar eta prezio lehiakorrean saltzen dituzten emakumeak.  Micoletek transakzio bakoitzaren % 25 lortzen du.  Alemanian, Frantzian, Italian, Portugalen eta Erresuma Batuan jarduten du enpresak, eta 2020an sendo oratu nahi dio Poloniako eta Herbehereetako merkatuetan sartzeko helburuari.