Gripeak behera egiten jarraitzen du Euskadin

0

Azken astean jasotako datuetatik ondoriozta daitekeenez, gripearen intzidentziak beheranzko joerarekin jarraitzen du Euskadin. Gripearen intzidentzia 100.000 biztanleko 212,3 kasukoa izan da. Laguntza-eskariak ere behera egiten jarraitzen du. Izan ere, azken aste honetan, gripe-sindromeari lotutako 2.445 kontsulta erregistratu dira Euskadiko lehen mailako arretako zentroetan, eta aurreko astean 3.498 kontsulta izan ziren.

Horixe ondoriozta daiteke Osasun Saileko eta Osakidetzako Zainketa Epidemiologikoaren-Mediku Jagoleen Sarearen azken txostenetik. Txosten horretan, otsailaren 10etik 16ra bitarteko aldia aztertu da.  Datozen asteetan gripeak nolako bilakaera duen egiaztatu bitartean, datuek adierazten dute Euskadin gripeak behera egiten jarraituko duela epidemia-atalasera (100.000 biztanleko 52,6 kasura) itzuli arte.

Denboraldia hasi zenetik ospitaleratu behar izan dituzten pertsonen kopurua 1.169era iritsi da, eta, haietatik, 293k larritasun-irizpideak betetzen zituzten. Gainera, 38 pertsona hil dira gripeari lotutako konplikazioen ondorioz. Ia guztiak arrisku-taldekoak ziren, hau da, 65 urtetik gorakoak edo gaixotasun kronikoren bat zutenak.

Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute herritarrek hainbat osasun-baliabide dituztela eskuragarri gripearen berezko sintomak nabaritzen dituzten kasurako, baina baliabide horien erabilera arduratsuaren garrantzia azpimarratu dute.

Ildo horretan, gogorarazi beharra dago gripea gaixotasun gogaikarria dela, baina herritar osasuntsuentzat onbera dela eta ez duela tratamendu espezifikorik. Horregatik, atseden hartzea, likido kantitate handiak hartzea eta sukarrari aurre egiteko antitermikoak hartzea dira gomendio nagusiak. Sukarra joaten ez bada, familiako medikuarengana, etengabeko arretako gune batera edo, besterik ezean, ospitaleko larrialdi-zerbitzura joan beharko dugu.