GUADI GALEGO ARTISTA GALIZIARRAK ESTATUKO ERREALITATE ELEANITZA SUSTATZEKO SARIA JASO DU

0

Guadi Galego artista galiziarrak Espainiako Estatuko Errealitate Eleanitza Sustatzeko Saria jaso du gaur goizean, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan. Euskadi, Nafarroa, Katalunia, Galizia, Valentzia eta Balear Uharteetako gobernu autonomikoek erabaki zuten saria berari ematea joan den azaroan Bilbon egindako bileran. Saria emateko arrazoi nagusia Immersion izeneko bere azken diskoa izan da, lan horretan Penintsulako zazpi hizkuntzatan egindako abestiak bildu ditu-eta (galiziera, euskara, katalana, aranera, asturiera, portugesa eta gaztelania), hizkuntza-komunitate ezberdinetako sortzaileekin batera.

EiTBko Ilaski Serrano aurkezleak gidatu du gaurko emanaldia, eta sei gobernuetako hizkuntza politikarako arduradunak izan dira bertan: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Mikel Arregi, Euskarabidea/Nafarroako Gobernuko Euskararen Nafarroako Institutuko zuzendaria; Ester Franquesa, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia; Valentín García, Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia; Rubén Trenzano, Hizkuntza Politikarako eta Kudeaketarako zuzendari nagusia; eta Agustina Vilaret zein Beatriu Defior, Balear Uharteetako Unibertsitate, Ikerketa eta Hizkuntza Politikako idazkari autonomikoa eta Gobernuko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, hurrenez hurren.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Guadi Galegok eleaniztasuna bultzatzeko egindako ekarpena nabarmendu du: “Artista galiziarrak erakutsi du hizkuntza guztiek balio dutela sortzeko, gozatzeko eta hunkitzeko. Euskararen kasuan, esate baterako, egunotan ikusi dugu Izaro abeslariak lortu duela Estatu mailako salmenten bigarren postuan euskarazko abestiak ere jasotzen dituen disko bat kokatzea. Espero dugu gure artistek bide horretatik jarraitzea». Halaber, Dobaranek azpimarratu du hizkuntza propioa duten gobernuek «politika eraginkor baten alde» egin dutela, «akordioaren gainean eraikia eta herritarren hizkuntza eskubideak erdigunean jarriko dituena».

Bestalde, sari hau jasotzerakoan, artistak gogorarazi nahi izan du «etorkizunerantz doazen hizkuntzak jaso eta transmititzen ditugun ondasunak direla, eta datozen belaunaldiei ez dizkiegula ukatu behar», eta eskerrak eman dizkie «disko hau osatzen duten hizkuntzak niregana bizirik iristea ahalbidetu duten pertsona guztiei»: «Gure hizkuntzetarako mila udaberri gehiago izan ditzatela», esan du.

Monique Bastiaans artistaren eskultura bat jaso du abeslariak, Lengoaien Zuhaitzari (L ‘Arbre de les Llengües) erreferentzia egiten dion lore sorta bat irudikatzen duena, nonlore bakoitza ezberdina den arren, multzoak batasun bat osatzen duen.

Immersion Callao City Lights-en, Ama Hizkuntzaren Eguna dela-eta

Espainiako Estatuaren Errealitate Eleanitza Sustatzeko Saria sustatu duten sei gobernuek, goizeko ekitaldiaz gain, bigarren hitzordu bat ere antolatu nahi izan dute Madrilen, Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren bezperan. Lehenengoz, egun hori batera ospatu nahi izan dute, eta

eta artista galiziarrak kontzertu bat antolatu dute arratsalderako, Callao City Lights/Cines Callao aretoan. Emanaldia 20: 00etan izango da; sarrera doan izango da, eta aldez aurretik atera beharko dira eventbrite.es web atarian. Guadi Galegorekin kolaboratzaile ugari izango dira, besteak beste, Mikel Urdangarin euskalduna, Alidé Sans aranarra, Clara Peya katalana eta Vega kordobarra.