Langabeziak beheraka jarraitu du Donostian

0

Donostiako Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak 2019ko Lan Merkatuari buruzko txostena aurkeztu du. Txostenak adierazten duenez, erregistratutako hileko batez besteko langabezia 7.400 pertsonakoa izan zen, hau da, 2008tik langabezian dagoen biztanleriaren erregistro txikiena.

Azken urtean 614 pertsona irten dira langabezitik, eta beherakada honekin, sei urtez jarraian goaz langabezia jaisten. Donostiako enpresen Gizarte Segurantzako afiliazioaren urteko batez besteko zifra 117.949 langilekoa izan zen; hau da, % 2,3 hazi da aurreko urtekoaren aldean.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak, Enrique Ramosek, nabarmendu du “langabetu ahulenak direla gure lehentasuna, eta horregatik, urtero 45 urtetik gorakoak laneratzeko sarbide-programak antolatzen eta askotariko laguntzak ematen ditugu: 9.000 euro arteko laguntzak merkataritzako eta ostalaritzako kontratazioetarako, lan-merkatuan sartzeko genero-berdintasuneko programak eta langabetuei orientazioa emateko zerbitzu bat. Pozik gaude hiriko langabeziaren beheranzko joerarekin –beste hiriburu batzuetakoa baino baxuago dago, hala nola Bilbokoa eta Gasteizkoa–, baina erne jarraitzen dugu eta zabalik mantenduko ditugu laguntza-lerroak”.

Hiriko lan merkatua aldi baterako kontratazioak mugitzen du gehienbat. 2019an 126.432 lan-kontratu egin ziren 36.894 pertsonarekin, eta horietatik % 91 aldi baterako kontratua izan zen.

2019ko urte amaieran 7.243 langabe zenbatu ziren, nahiz eta hileko bataz bestekoa 7.400 pertsonakoa izan zen. Datu hau, 2008. urtetik erregistratzen den biztanle langabeen kopuru baxuena da, eta seigarren urtez jarraian jaisten doan datua da.