SPRI Adimen Artifizialaren Europako perspektibei buruzko Europako Batzordearen konferentzian

0

Cristina Oyón, SPRI Taldeko Ekimen Estrategikoen arduraduna, Adimen Artifizialaren Europako perspektibei buruzko konferentzian parte hartzen ari da. Europako Batzordeak antolatu du ekitaldi hori Bruselan, “bidea zabalduz ETEei Adimen Artifiziala (AA) txertatu dezaten balio-kate estrategikoetan” izenburupean.

Hilaren 18an eta 19an ospatzen ari diren jardunaldi hauen oinarria da “funtsezkoa dela indarra ematea Europako merkatua Adimen Artifizialeko teknologiez hornitzen duten ETEei, Adimen Artifizialaren Europako ekosistema eraikitzeko (munduko beste herrialde batzuen maila bereko aplikazioak garatuko dituena) eta, halaber, aurrera egiteko EBk burujabetza teknologikoa lortzeko ezarritako helburuan”.

SPRIko Ekimen Estrategikoen arduradun Cristina Oyónek konferentziako saioetako bat moderatu du, non hizpide hartu baita nola sortu AA aplikazioentzako merkatu bat Europan, nola garatu laguntza-mekanismoak eta nola definitu balizko lankidetza-ereduak balio-kate estrategikoetan. Saioko parte-hartzaileek aztertu dute zein oztopo dituzten Europako ETEek AA teknologien arloan hazteko, hala nola, teknologiak eskalatzeko funtsak eskuratzeko zailtasunak, arlo horretako talentu eskasia eta araudi-marko konplexu bat.  Aipatu den kontu bat da ezinbestekoa dela kalitatezko datu kopuru handia izatea ETEek Adimen Artifizialak sor ditzakeen lehiakortasun-abantailak aprobetxatu ditzaten.

Europako Batzordeak datuen estrategia globala aurkeztuko du hilaren 19an eta, horren barruan, adimen artifizialari buruzko liburu zuri bat ere bai.  Zentzu horretan, SPRI lanean ari da datuak errazago partekatzeko enpresa-ingurunean eta horrela datuen gaineko burujabetza lortzeko. Horretarako, gidaliburu bat argitaratu du eta elkarlanean ari da International Data Space Association elkartearekin, datuz eta informazio industrialez betetako espazio komun bat sortzeko Euskadirentzat estrategikoa den balio-kate batean, alegia, energia sektorean.