Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Saila eta Vitoria-Gasteizko Udalaren Kultura eta Hezkuntza Saila, Ana del Valen eta Estibaliz Cantoren zuzendaritzaren pean hurrenez hurren, aztertzen ari dira Alberto Schommer Argazkigintza Zentroaren proiektua Amárica aretora eramatea, eta arakatzen ari dira hura “hurrengo hilabeteetan” egin ahal izateko aurrekontu, teknika eta lege posibilitateak.
Hala adierazi du Ana del Val diputatuak Arabako Batzar Nagusietako Kultura eta Kirol Batzordean egin duen borondatezko agerraldian. Bertan, hala definitu du: “bi ideia, sinergiak bateratuz, ideia batean bildu eta hura hobetzen dutenak”.
Posibilitate hori sortu zen bi sail horiek hamabost egunean behin egiten dituzten ohiko koordinazio bileretako batean, alde batetik Aldundia aretoaren etorkizunari buruz egiten ari den hausnarketaren ondorioz eta, beste aldetik, Udalak Alberto Schommer Argazkigintza Zentroa sortzeko konpromisoa bete ahal izateko kokaleku bat topatzeko duen beharraren ondorioz.
“Posibilitate hori azkenean gauzatu ahal izango balitz, alde batetik erantzungo lioke aurreko legegintzaldian sortu zen galderari, hau da, zer gertatuko litzatekeen aretoarekin Schommer zentroa inauguratu eta gero, baina, horrez gainera, ahalbideratuko du proiektua kulturarekin eta argazkigintzarekin loturik mantentzea, argazkigintza artistiko garaikidea barnean harturik, eta eragileei bidea emango die sorkuntza eta ikerkuntza garatzeko, hausnarketa hasi genuenetik gure asmoa izan den bezala”, adierazi du Del Valek batzordean.
Izan ere, Kultura eta Kirol Saila duela zenbait hilabetetik aztertzen ari da nola hobetu Amárica aretoan kokatutako oraingo proiektua, bakar-bakarrik argazkigintza garaikideari buruzkoa, eta urtean batez beste 4.700 bisitari dituena, bost erakusketarekin eta 105.000 euroko aurrekontuarekin, “azken urte hauetako emaitza kualitatiboak eta kuantitatiboak ez baitziren pozgarriak”. “Hortaz, hausnarketak –azpimarratu du- Amarica itxi edo murriztu ordez, justu kontrakoa nahi du, hau da, kultura proiektua bera nahiz ingurunearekin loturik hobetzeko posibilitateak arakatzea. Izan ere, kulturak haren garapenean lagundu ere egin behar du”.
Aldundia eta Udala proiektu berriaren bideragarritasuna aztertzen ari diren bitartean, Amárica aretoan erakusketa programazioa egiten jarraituko da 2020an. Hala, bere jarduerari ekingo dio berriro datorren martxoaren 5ean, hain zuzen ere “etorkizun horretarako gogoa piztuko duen” erakusketa batekin, adierazi du Del Valek. Izan ere, lehenengo erakusketa “Schommer: garaikideak” izenburuarekin, garaiko hainbat pertsonaiaren zuri-beltzeko 79 erretratuk osatuko dute, artista gasteiztarrak eginda, eta maiatzera arte ikusi ahal izango da.
Geroago, maiatzaren 15etik ekainaren 14ra arte, Udalaren Gazteria Zerbitzuak kudeatzen duen Tetrapack programatik ateratzen den erakusketaren txanda izango da. Ekainaren 19tik irailaren bukaera aldera arte, Milton Greene-en erakusketa bat egingo da eta, azkenik, urte bukaera aldean, VIPHOTO jarriko da ikusgai.
“Hasierako agerraldian, esan nuen saiatuko ginela Amárica aretoari bultzada berri bat ematen. Espazio horrek, gainera, lagundu dezake argazkigintza, kultura eta hura garatzen den ingurunea dinamizatzen. Horixe izan da gure asmoa hasieratik, eta gure asmoa izaten segituko du azkenera arte”, esan du bukatzeko