Betisen aurka, bolada onari jarraipena ematera

0

Athleticek larunbat honetan (13: 00etan) Sevillan jokatuko du Lehen Iberdrolako 21. Jardunaldiko partida. Real Betisek sasoi onean dagoen taldea izango du aurrean, batez ere animoari dagokionez. Hiru garaipen jarraian pilatu dituzte Villacampak zuzendutako jokalariek, Valentziari eta Realari Lezaman eta Deportivo Abancari Galizian irabazi ostean. Bederatzi puntu honeek indarra eman diote joan den astean Erreginaren Kopako final-laurdenetarako txartela lortu zuen taldeari. Datorren asteazkenean 19.00etatik aurrera San Mamesen jokatuko du CD Taconen aurka finalaurrekoetarako txartelaren bila.

Real Betis ere dinamika onean dator. Sevillako taldeak hiru jardunaldi daramatza porrotik jaso gabe eta joan den astean, sailkapeneko azken sailkatuari, RCD Espanyol taldeari irabazi zion etxean. Talde andaluziarra mailari eusteko borrokan murgilduta dago eta gaur egun 16 puntu ditu, jaitsiera postuetan dagoen Valentzia taldearekin batera. Iragan abenduan Sevillako taldeak Antonio Contreras entrenatzailea kargutik kendu zuen eta Pier Luigi Cherubino futbolari ohia jarri zuen agintean. Entrenatzaile honekin, taldeak partida bakarra galdu du 2020an. Gainera, Athletic Clubek bezala, Pierrek zuzentzen duen taldea Erreginaren Kopako final-laurdenetarako sailkatu zen, Atletico Madril faboritoa penaltietan kanporatu ondoren.

Aurrekariak oso onak dira zuri-gorrientzat ligan eman diren zazpi norgehiagokak kontutan izanda, Betisen aurka galdu gabe jarraitzen baitute. Bost garaipen eta bi berdinketa lortu dituzte lehoiek datorren larunbateko aurkariaren aurkako partidetan. Yulema Corres eta Lucia Garcia izan dira Sevillako taldeari min gehien egin dioten futbolariak. Zurigorrien 17 zenbakia bolada onean dago eta bost partida jarraian daramatza gola egiten. Larunbatean berriro gola sartuko balu, sei partidatan jarraian gola egitea lortuko leuken lehen jokalari zuri-gorria izango litzateke.