Euskadiko Autonomia Erkidegoko 25 urtetik beherako gazteen % 34k dute euskara ama-hizkuntza

0
PRUEBA

Euskadiko Autonomia Erkidegoko 25 urtetik beherako hiru gaztetik batek euskara du ama-hizkuntza, gaur ospatzen den Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren harira Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ezagutarazi dituen datuen arabera. Biztanleriaren azken erroldari erreparatuz gero, 5 eta 24 urte bitarteko gazteen % 33,73k euskara edo euskara zein gaztelania dute ama-hizkuntza (% 20,59k euskara baino ez eta % 13,14k euskara eta gaztelania). Lurraldeka, Gipuzkoa da euskara ama-hizkuntza duten gazteen kopururik handiena duen lurraldea (% 51,53); ondoren, Bizkaia dator (% 26,4) eta, hirugarrenik, Araba (% 17,44).

Eustatek egindako azken Biztanleria eta Etxebizitza Estatistikaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 5 eta 24 urte bitarteko 389.767 lagun daude. % 20,59k euskara dute ama-hizkuntza, eta % 13,14k euskara zein gaztelania (hortaz, % 33,73k euskara dute ama-hizkuntza bakarra edo bere ama-hizkuntzetako bat gisa); % 61,95ek dute gaztelania ama-hizkuntza bakarra, eta % 4,33k dute beste ama-hizkuntzaren bat.

Lurraldeei erreparatuz gero, Gipuzkoan, euskara ama-hizkuntza duten gazteen (ama-hizkuntza bakarra bezala edo bi ama-hizkuntzetako bat bezala) kopurua gaztelania ama-hizkuntza bakarra duten gazteen kopuruaren gainetik dago. Gipuzkoako gazteen (kasu honetan, 5-24 urte) % 51,53k euskara edo euskara eta gaztelania dituzte ama-hizkuntza gisa (% 36,23k euskara bakarrik eta % 15,3k biak, euskara eta gaztelania). Gaztelania ama-hizkuntza bakarra gisa duten Gipuzkoako gazteen ehunekoa % 44,12koa da, eta gipuzkoarren % 4,35ek beste hizkuntzaren bat edo batzuk dituzte lehen hizkuntza gisa.

Bizkaian, 5-24 urteko gazteen % 26,4k euskara edo euskara zein gaztelania dute ama-hizkuntza (% 14,08k euskara bakarrik eta % 15,3k euskara eta gaztelania). Halaber, Bizkaiko gazteen % 69,9k gaztelania baino ez dute ama-hizkuntza bezala, eta % 3,7k beste ama-hizkuntzaren bat dute.

Azkenik, Arabako gazteen % 17,44k euskara du lehen hizkuntza (% 6,5ek euskara bakarrik eta % 10,94k euskara eta gaztelania). Arabarren % 76,22k gaztelania dute ama-hizkuntza bakarra bezala, eta % 6,34k beste hizkuntzaren bat dute lehen hizkuntza.

Bilakaera

Euskararen ezagutza kontuan hartu zuten lehen errolda-datuekiko bilakaerari erreparatuz gero, hazkunde nabarmena ikusten da. Hala, 90eko hamarkadaren hasierako datuak azken errolda-datuekin alderatuz gero (2016koak da Estatistika, eta datuak Euskararen Adierazle Sistemari esker bereizi dira), aldea 10 puntu baino gehiagokoa da. 1991n, euskara ama-hizkuntza  zuten 25 urtetik beherako gazteen kopurua % 22,31koa zen (% 17,1 euskara bakarrik eta % 5,21 euskara eta gaztelania), gaur baino ia 12 puntu gutxiago. Hala ere, datu horien arabera, batez ere bi hizkuntzak ama-hizkuntza dituztenen ehunekoak egin du gora (% 5,21etik% 13,14ra; ia 8 puntu).

Hazkunderik handiena izan duen lurraldea Araba izan da; izan ere, euskara ama-hizkuntza bakarra edo bi ama-hizkuntzetako bat dutenen kopuruak 13 puntu egin du gora (% 4,01etik % 17,44ra; laukoiztu da). Bizkaian, ehuneko horrek ia 12 puntu egin du gora (% 14,76tik% 26,4ra), eta Gipuzkoan, berriz, 9 puntu (% 42,73tik % 51,53ra).

Euskara ama-hizkuntza duten gazteen kopurua herena bada ere, ezagutza askoz handiagoa da 25 urtetik beherako gazteen artean (% 80tik gorakoa). Hala ere, euskara ama-hizkuntzetako bat izateak erabileran gehien eragiten duen faktoreetako bat da. Azken Euskararen Inkesta Soziolinguistikoak agerian utzi zuenez, adin-talde gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, eta, era berean, hazkunde nabarmena islatu zuen 1991ko datuekin alderatuta (Euskararen lehen Inkesta Soziolinguistikoa urte hartan egin zen). 1991n, euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen zuten gazteen (16-24 urte) ehunekoa % 12,4koa zen; egun, kopuru hori % 29,5ekoa da.