Eusko Jaurlaritzak misio teknologiko bati ekin dio Estatu Batuetan, zibersegurtasuneko euskal enpresekin batera

0
PRUEBA

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua buru duen erakunde- eta enpresa-ordezkaritza bat Ameriketako Estatu Batuetara joan da San Frantziskoko RSA Conference zibersegurtasunaren munduko zita dela eta.

Misio hori gaurtik otsailaren 27ra bitartean egingo da, eta beste alderdi teknologiko batzuk jorratuko ditu, zibersegurtasunaz gainera, Adimen Artifizialarekin eta bioteknologiaren esparruko ikerketa eta produkzio industrialarekin lotuta. Agendan, Redmond (Seattle), San Frantzisko eta Boston daude.

Eusko Jaurlaritza Adimen Artifizialeko estrategia integral bat egituratzen ari da, goiz eta arratsaldeko saio tekniko batean egiaztatuko dena, gaur bertan, Microsoftek Redmonden duen egoitza nagusian.

Era berean, Estibaliz Hernaez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak eta Alex Arriola Spri Taldeko zuzendari nagusiak parte hartuko duten ordezkaritza instituzional horrek, otsailaren 24an, Grifols-ek San Frantziskon duen egoitza bisitatuko du (esparru teknologikoa eta pharma), eta otsailaren 27an arlo horretan lanean jarraituko dute ekialdeko kostaldean, Bostonen zehazki, bertan biltzen baita Estatu Batuetako erreferentziazko bio ekosistema.

Kalifornian erreferentziazko enpresa talde eta multinazional nabariak daudenez, sailburuak bilera bat egingo du astelehenean, otsailak 24, potentzial teknologiko handiko konpainietan diharduten AEBetako euskal profesionalen talde batekin.

Nolanahi ere, zibersegurtasuneko munduko zita nagusia den San Frantziskoko RSA Conference biltzarrak eragindako misioa da. Bertan izango dira hogei bat euskal enpresa, eta Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak (BCSC) nazioarteko ekitaldi bat antolatuko du otsailaren 25ean, asteartea.

Zibersegurtasuneko munduko zita, erakunde- eta enpresa-misioaren arrazoia

RSA Conference biltzarra baliatuz, urtero San Frantziskon (Estatu Batuak) egiten den zibersegurtasuneko ekitaldi garrantzitsuena da, eta aurreko urtean izandako arrakastaren ondoren —Asiako (Japonia, Taiwan, Qatar eta Israel), Ipar Amerikako (Estatu Batuak eta Mexiko) eta Europako parte-hartzaileak izan zituen—, Zibersegurtasuneko Euskal Zentroko (Basque Cybersecurity Centre) partaideek jardunaldi bat antolatu dute datorren otsailaren 25erako, zibersegurtasunaren euskal ekosistemak dituen heldutasuna eta itxaropen bikainak ikusgai jartzeko. Bertan izango da Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia.

Ekitaldia “Cybersecurity – Priority in Industy” sarrerako panelarekin hasiko da, Patrick Miller (Archer Security-ko azpiegitura eta segurtasun industrialeko aholkularia) moderatzaile duela. Bertan parte-hartzaile izango dira Arantxa Tapia, Lisa Carrington (Arizonako Administrazio Publikoko IT Planning & Governance-ko zuzendaria) eta Del Rodillas (ICS/OT Industries Product Marketing-eko zuzendaria Palo Alto Networks-en).

Hurrengo panela CounterCraften kasu arrakastatsuei buruzkoa izango da eta “Basque cyber bridge to the US” izenburua du. Gorka Sadowski (Gartner Group-eko azpiegituretarako Ciber-eko ikerketa-zuzendaria) izango da moderatzailea. Narratzaileak, berriz, hauek izango dira: Daniel Brettek (CSO eta sortzailea) eta Toby Weir-Jones (Bayshore Netwroks, Chief Producto Officer).

Panel horren ondoren, RKL Integral, OpenCloud Factory, Ironchip eta GlobalCybcar etorriko dira, profil teknologiko disruptiboa duten enpresak baitira, euskal zibersegurtasunaren ekosistemak duen potentzialaren adibide.

Aretoan, gainera, zibersegurtasuna hornitzen duten beste hamabi euskal enpresa egongo dira saioan laguntzen: S21sec, Entelgy Innotec, Versia, Veoci, Tecnogam, Wise Security Global, Osane Consulting, Hdiv Security, Ikerlan, Panda Security, Redborder eta Tecnalia.

Horien guztien artean, gainera, Bwtech@UMBC (University of Maryland Baltimore County) erakundeak antolatutako International Pitch Competition lehiaketan parte hartuko dute Ironchip y Globalcybcar enpresek. Iaz, Enigmedia euskal enpresak hirugarren saria lortu zuen Israel, Suedia eta Australiako aurkarien aurrean, besteak beste. Horien artean beste euskal enpresa bat, Alias Robotics, iritsi zen finalera.

Euskadi, zibersegurtasuneko ekintzailetzaren buru

Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak eta bere estrategiak, zibersegurtasunaren euskal merkatua nazioartean ikusgai jartzera bideratuta, bere fruituak ematen jarraitzen dute. Hala erakutsi zen joan den urtearen hasiera aldean, da Javier Diéguez, zentroko zuzendaria, 2. lantaldeko zuzendarikide izendatu zuenean ECSO Europako erakundeak. Izendapen horri esker, Euskadik nazioartean garrantzia irabazi zuen, inbertsioa erakartzeko interesgune gisa kokatzeari begira, eta, horrela, sektore horrekin lotutako enpresak ezartzeko eskualde aproposa dela eta industria-ekosistema indartsuak aukera berriak sortzen laguntzen duela frogatzeko.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako beste ekimen batzuk nabarmendu behar dira, hala nola BIND 4.0 programaren laugarren edizioa abiaraztea, nazioarteko erreferentziazko startupek eta enpresek bultzatutako proiektu teknologiko berriak garatzera bideratutako programa bat, edo Basque Digital Innovation Hub erakundearen zibersegurtasun-nodoa hedatzea, BCSCren eskutik —Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideekin lankidetzan—, edo Zibersegurtasun Industrialerako Laguntzen Programa sortzea, 207 enpresa industrialen jarduera milioi bat euro baino gehiagorekin finantzatu zuena.