Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkaria Vavariara joan da lankidetza-bide berriak aztertzeko

0

Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia Munichen (Bavaria) dago. Bertan, bilera bat izango du Florian Herrmann Gai Federal eta Europako Gaietarako ministroarekin, EAEko eta Bavariako gobernuek dituzten harremanak analizatzeko eta lankidetza-bide berriak aztertzeko.

Eusko Jaurlaritzak eta Bavariako Gobernuak Elkar Ulertzeko Memorandum bat sinatu zuten 2014an, bi gobernuentzat interes komunekoak diren gaietan harremanak sendotzeko eta lankidetza estutzeko. Memoranduma Munichen sinatu zuten, SPRIk Alemanian duen bulegoaren inaugurazio ofizialarekin batera.

Harrezkero, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Arantxa Tapia sailburua buru zela, hainbat bisita egin ditu Munichera eta Bavariara, eta horiei esker, besteak beste, 4.0 industrian, digitalizazioan, zibersegurtasunean edo I+G arloan sakondu ahal izan da. Era berean, erakunde eta enpresen ordezkariek osatutako Bavariako ordezkaritza batek behin baino gehiagotan bisitatu du Euskal Autonomia Erkidegoa, euskal enpresa-ingurunea, teknologia-zentroak eta Zibersegurtasun Euskal Zentroa ezagutzeko. Era berean, urtero egiten den Hannover Messe azokaren esparruan, Tapia sailburuak Ekonomia Ministerioko arduradunarekin bilerak egin ditu.

Segurtasunaren arloan, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltran de Herediak baterako adierazpen bat sinatu zuen Munichen 2017an (2019an berretsitakoa), bi lurraldeetako polizia-zerbitzuen arteko lankidetza areagotzeko.

Kanpo Harremanetarako Esparru Estrategikoaren eta Basque Country Estrategiaren barruan lehentasunezko esparru geografikotzat identifikatutako eskualdeetako bat da Bavaria. Esparru geografiko estrategiko horiek hautatuta, Eusko Jaurlaritzak EAEko sektore anitzeko interes gehienak biltzen diren eremuak aukeratu nahi ditu; hain zuzen, horietan kontzentratuko baitira Jaurlaritzak datozen urteetan atzerrian abiaraziko dituen ekimen gehienak.

Bavariarekin egindako akordioa, gainera, nazioartean, eta bereziki Europan, bazkide estrategikoen sare bat sortzearen aldeko apustuaren barruan dago. Sare horri esker, eragin-gaitasuna irabaziko da eta, horrekin batera, kanpoan euskal interesak hobeto defendatzeko aukera izango da.