Tecsa-Altuna y Uria ABEEak aurkeztu du Gasteizko tranbia Salburuara luzatzeko lanak egiteko eskaintzarik onena. Aurreikuspenen arabera udaberrian hasiko diren lanen aurrekontua 15,5 milioi eurokoa da, eta 24 hilabetetan egin beharko dira.
Euskal Trenbide Sareak hamar proposamen jaso ditu lizitazio epealdian. Adar berria 2.575 metro izango da luze, eta bost geraleku berri ere eraiki beharko dira. Nasa guztiak alboan egongo dira, eta estruktura, tamaina eta forma berdina izango dute. Santa Luzian, Iliadan, Nikosian, La Uniónen eta Salburuan egongo dira.
ETSko kontratazio organoak Tecsa-Altuna y Uria ABEEak aurkeztutako eskaintza onena onetsi eta dokumentazioa egiaztatu eta gero, datozen egunetan esleipena egingo da, obrak apirilean hasteko helburuarekin.
Tranbiaren luzapenari esker hiriaren ekialdean dauden auzoen konexio zuzena hobetu ahal izango da. Zehatzago esanez, Santa Luzia eta Salburua auzoek erdialdearekin, Lakuako autobus geltokiarekin eta une honetan dauden lineen zerbitzua jasotzen duten guneekin duten lotura hobetuko da. Horrez gain, auzo horiek Hegoalderekin eta EHU/UPVko campusarekin lotuta geratuko dira, joan den larunbatean zerbitzua ematen hasi zen hegoaldeko luzapenari esker.
Mugikortasuna eta hiriburuaren erdialdearen eta auzoen arteko harremanak hobetzeaz gain, tranbia Salburuara luzatzeak urbanizatutako gune berriak sortzen eta bidegorri sarea hedatzen ere lagunduko du.
2,5 kilometroko trazatu berriaren eraikuntzak 70.860 metro karratuko urbanizazio berria ekarriko du. Horietatik ia 22.000 tranbiaren trazatuari eta bost geralekuei dagozkie. Proiektua egikaritzearen ondorioz, udal bidegorri sarea 2.390 metro luzeagoa izango da. Espazioaren gainerakoa, Eusko Jaurlaritzak eta Vitoria-Gasteizko Udalak adostutako jarraibideen arabera urbanizatuko da. Gainera, trazatu berriaren %95ean, tranbiak bide berdetik zirkulatuko du.
Trazatua
Trazatu berriaren lotunea Florida, Herran eta Las Trianas kaleek bat egiten duten puntuaren inguruan dago. Tranbia Unibertsitatera luzatzeko lanek maniobretarako mahuka bat utzi dute bertan. 0+200 K.P.an trazatua, Calasanz – Escolapios ikastetxearen itxidurarekin paraleloan doan iparraldeko galtzadaren gainera sartzen da, eta tranbiaren plataformak galtzada hori okupatuko du.
Florida eta Jacinto Benavente kaleen intersekzioan dagoen biribilgunean, trazatuak eskuinerantz egiten du pixka bat, 230 metroko zuzenguneari bidea emateko. Bertan dago lehenengo geltokia, nasak alboetan eta katenariaren zutabeak erdian dituen Santa Luzia, Vicente Alexandre kalearekin intersekzioan dagoen biribilgunea zeharkatu aurretik.
Tranbiak Florida kaleko iparraldeko galtzadatik jarraituko du, eta Astronomoen kaleko intersekzioan dagoen biribilgunea igaro ondoren, trazatua Iliadako Pasealekuan sartuko da. Bigarren kale horretan dago tarteko bigarren geltokia, Iliada. Geltoki horrek ere nasak alboetan eta katenariaren zutabeak plataforman zentratuta ditu.
90 graduko bira egin ostean, tranbiaren plataforma bulebarreko mendebaldeko galtzadaren gainera doa, 645 metroko lerrokadura zuzenean. Bertan egongo dira Nikosia eta La Unión geltokiak.
Ondoren, tranbiaren plataformak La Unión plazako biribilgunea zeharkatu, Salburuako Bulebarreko tarteko galtzadatik aurrera egin, ibilbidea Aerodromoko Pasealekuko oinezkoentzako gunetik jarraitu, zenbait bidegurutze igaro eta, amaitzeko, Juan Carlos I Etorbideko erdibitzailearen gainean dagoen pasealeku eta lorategi eremuaren gainetik doa.
Amaierako geralekua, Salburua, auzoaren erdialdean dago, gutxi gorabehera, Juan Carlos I Etorbidearen erdian.
Geraleku berriak
Ezaugarri nagusiak hauek dira:
- 3,5 metroko zabalerako nasak
- 25 cm-ko altuerako nasak.
- Lerrokadura zuzenean.
- Luzera osoa: 50 metro, nasaren bi aldeetan dauden 5 metroko arrapalak barne.
- Markesinak nasen barruan daude. Horrela, itxaroteko gunean eta alboetako batean, 1,80 metroko zabalera librea duen oztoporik gabeko lerroa dago.
- Geralekua osatzen duten elementuak, markesinak, paper-ontziak, seinaleztatzeko elementuak, etab. dagoeneko zerbitzuan dauden tranbiako lineetako gainerakoen ezaugarri berberak izango dituzte.
- Nasara zuzenean sartuko da kaletik.
- Mugikortasun Urriko Pertsonentzako irisgarritasunari buruz indarrean dagoen arautegia beteko du.
Vitoria-Gasteizko tranbia sarea Zabalganako adarrarekin osatuko da. Une honetan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen erakunde publikoa, ekialdea-mendebaldea ardatza osatzeko aukera emango duen luzapenaren informazio azterlanaren idazketa amaitzen ari da. Datozen asteetan informazio azterlana jende aurrean aurkeztuko da.