Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua Estatu Batuetarako bidaiara abiatu da, eta Microsoftek Redmonden (Seattle-Washington) duen egoitza nagusian egin du lehen geldialdia. Bertan, lan-jardunaldi batean parte hartu du, Adimen Artifizialean espezializatutako konpainia teknologikoaren staff teknikoarekin batera.
Joan den abenduan Microsoft Españan egindako lehen bileraren ondoren, mintegi honek balio izan du Euskadi diseinatzen ari den estrategia kontrastatzeko eta Microsftek Bilbon martxoaren 9an eta 10ean gidatuko duen workshop-a zehazteko.
Euskadik Adimen Artifizialaren (AA) estrategia propio bati ekin dio
Azken hamarkadetako bilakaera teknologikoa iritsi den heldutasun-puntuan, Adimen Artifiziala aplikazio errealetan gauzatzen hasia da eta teknologia estrategikoetako bat bilakatuko da datozen urteotan, duen potentzialagatik eta inpaktuagatik.
Konputazio-gaitasunean, datuen eskuragarritasunean eta algoritmoetan aurrera egiteari esker, XXI. mendeko teknologiarik estrategikoenetako bat bihurtu da Adimen Artifiziala, eta Eusko Jaurlaritzaren asmoa da Euskadi prest egotea herrialde-estrategia propio batekin eta aplikazio industrialak izango dituena, teknologia horren erronkei eta aukerei erantzuteko, horrek aldaketa kulturalak, ekonomikoak eta sozialak eragingo baititu. Honek industria eta teknologia garapenari bultzada emateko lagunduko du.
Testuinguru horretan egin da zortzi orduko mintegia Microsoften egoitzan. Mintegi horretan, 4.0 industriarekin, jasangarritasunarekin eta klima-aldaketarekin, etikarekin eta araudiarekin eta zibersegurtasunarekin lotutako Adimen Artifizialaren alderdiak jorratu dira.
Adimen Artifiziala garatzea lehiakortasuna eta gizarte-ongizatea hobetzeko
Euskadiko Adimen Artifizialaren Estrategiaren jardun-ildoak lau eremu hauetan garatzen dira: dauden gaitasun teknologikoak koordinatzea; arlo honetan trebetasunak dituen talentua sustatzea eta erakartzea; euskal ekimenak proiektatzea eta kokatzea; eta barne-ekintzailetza bultzatzea eta Euskadiko industria-sistemari ezagutza eta balioa emango dioten enpresak sortzea.
Horren guztiaren helburua da euskal industriaren lehiakortasuna hobetzen eta euskal gizartearen ongizatea areagotuko duten proiektuak eta emaitzak lortzen lagunduko duten ekimenetan Adimen Artifiziala garatzea eta aplikatzea.
Gaur egun, euskal teknologia-zentro eta enpresetako pertsonek osatutako diziplina anitzeko talde tekniko eta sustatzaile batek laguntzen dio Eusko Jaurlaritzari estrategia hori diseinatzen.
Adimen Artifiziala, klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren erronkari erantzuteko
Zibersegurtasunarekin egin zen bezala, Adimen Artifizialaren estrategiaren ardatza industria-esparrua izango da bereziki, eta teknologia horren potentziala Euskadin inpaktu ekonomikoa eta soziala duten zerbitzuak eta konponbideak sortzeko aukera gisa hartzen da.
Era berean, fase honetan, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak estrategiaren lurreratze praktikoa sustatzea erabaki du. Horretarako, Euskadin workshop bat egin du Microsoften eskutik. Bertan, berrogeita hamar profesionalek klima-aldaketari lotutako 6 erronka hartuko dituzte beren gain, eta horien soluzioek eskatu beharko dute Adimen Artifizialeko proiektu zehatzak aplikatzea.
Adimen Artifizialaren workshop-a martxoaren 9an eta 10ean Bilbon
Microsoftek eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako workshop-a bi jardunaldi osotan egingo da. Sei mahai, bakoitza 8 profesionalek osatua, administrazioaren, teknologia-zentroen, enpresa traktoreen, start up-en eta unibertsitateen ordezkaritzarekin. Diziplina anitzeko profesionalek klima-aldaketarekin lotutako sei erronkari erantzun beharko diete Adimen Artifizialeko soluzioen bidez. Hona erronkak: energia berriztagarriak, mugikortasun jasangarria, zibersegurtasuna, nekazaritza, ura eta biodibertsitatea.
Erronka sektorialei erantzuteko sortzen diren proiektuak batzorde batek ebaluatuko ditu, eta Microsoftek finantzatu ahal izango ditu, gero garatzeko eta benetan aplikatzeko.
Europa Digitala programari atxikitzea
Adimen Artifizialean murgiltzeko erronka horrek inbertsio garrantzitsuak beharko dituenaren jakitun, jardun-ildoetako bat tokiko eragileen lankidetza-proiektuak diseinatzean oinarrituko da. Proiektu horiek Europar Batasunak Horizon Europe eta Digital Europe programen esparruan iragarritako finantzaketa-programetan sartzeko aukera izango dute. Programa horien helburua da 2020 eta 2027 artean 7.000 milioi euro bideratzea, hamarkadan zehar urtean guztira 20.000 milioi mobilizatzeko inbertsio pribatu-publikorako.
Horretarako, komenigarria da Euskadik ikerketan eta merkatutik gertu dauden Adimen Artifizialeko aplikazioetan erreferente gisa duen posizioa indartzea. Hartara, euskal enpresa gehienek (handiek nahiz txikiek) ahalik eta azkarren bereganatu beharko dituzte Adimen Artifizialeko teknologiak.
Talentua eta start up-ak, Adimen Artifizialaren aplikazioa bizkortzeko
Euskal industrian Adimen Artifiziala bizkortzeak eskatuko du, era berean, enpresa espezializatu berriak sortzea, enpresa txiki eta ertainei eta enpresa traktoreei soluzioak emateko eta haiekin lankidetzan aritzeko. BIND 4.0 azelerazio-programa bide eraginkortzat kokatzen da atzerriko start up-ak erakartzeko eta industria-sare osoari balioa emateko gai diren tokiko start up-ak sendotzeko.
Era berean, teknologia horretan trebetasunak dituzten pertsonak behar direnez, euskal unibertsitate guztiak Adimen Artifizialeko prestakuntza-eskaintza berria txertatzen ari dira.
Zibersegurtasun mundu mailako kongresua, San Frantziskon
Eusko Jaurlaritzako delegazioaren hurrengo zita San Frantziskon izango da bertan ospatuko den RSA munduko zibersegurtasun topaketa dela eta.
Besteak beste, Euskadiko Zibersegurtasun Zentroak (BCSC) antolatuko duen Jardunaldian parte hartuko dute non 300 parte hartzaile aurreikusten diren eta hogei euskal enpresa bertaratuko diren.
Halaber, sailburuak topaketa egingo du Kalifornian bizi eta bertan jarduten duten euskal jatorriko 25 profesionalekin. Teknologian jantziak eta inguruan kokatuta dauden enpresa berritzailetako ezagutza duten profesionalak dira.
Arantxa Tapia sailburuarekin batera, delegazioan doaz Jorge Fernandez, Euskadik Estatu Batuetan duen delegatua, Estibaliz Hernáez, Teknologia eta Lehiakortasun sailburuordea eta Alex Arriola, SPRI taldeko zuzendari nagusia.