Antzinako idazkera lantegiak egingo ditu Arabako Agiritegi Zerbitzuak institutuetako ikasleentzat

0

Bihar, otsailaren 24an, astelehena, hasi eta bi astean, Arabako Foru Aldundiaren Agiritegi Zerbitzuak (Zumakadi ibilbidea 21) “Idazketa eta idatzitakoa” izeneko XI. lantegia emango du. Jarduera Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta dago eta Gasteizko Udalaren Hezkuntza Zerbitzuak antolatutako “Historia eta arte ibilbideen” barruan kokatzen da.

Gasteizko hainbat institututako laurehun ikaslek baino gehiagok ezagutuko dute orain dela sei mila urte zerk eragin zuen idazkera asmatzea eta nola garatuz joan den gaur arte, gure zibilizazioaren oinarrizko ezaugarriak finkatuz. Idazteko probak egingo dituzte argizari-oholtxo, papiro-erroilu eta pergaminoekin eta antzina idazteko erabiltzen zituzten materiak baliatuko dituzte, esaterako idazluma, hegazti luma eta metalezko luma-muturrak.

Lantegiak euskaraz zein gaztelaniaz izango dira. Aurten AEK Euskaltegiak ere parte hartuko du eta IRALE programako irakasleek.

Lantegi horiek Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Sailaren Arabako Agiritegi Zerbitzuak Arabako dokumentazio ondare oparoa hedatzeko antolatzen dituen jardueren artean kokatuta daude.