Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Araban saharar haurrei familietan harrera emateko elkarteak (Afanis), eta Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkaritzak dei egin diete gaur goizean arabar familiei, aurtengo udan saharar iheslari kanpamenduetatik datozen haurretakoren bat har dezaten beren etxean. Oraingo honetan, helburua da 11 eta 12 urte bitarteko 50 haur hartzea, Afanisek adierazi duenez, eta helburu hori lortzeko 15 familia gehiago behar ditu.
Afanisek eta Fronte Polisarioak Arabako erakundeen lankidetzarekin batera kudeatzen duten Oporrak bakean programak 44 urte bete ondoren, harrera familiak eskatzen jarraitzen du.
Halaxe adierazi du Nerea Melgosa Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariak, Jon Armentia Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurtzaroaren zinegotziak, Irune Lujambio Afaniseko lehendakariordeak eta Brahim Abdelfatah Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkari ondokoak.
Lau entitateek lankidetza hitzarmen bat daukate izenpetuta Oporrak bakean programa garatzeko; izan ere, programa hori udako bi hilabeteetan aldi baterako harrera programa da, helburua duena iheslari kanpamenduetatik datozen haurrak hartuak izan daitezen Arabako familietan udako bi hilabetetan.
Ondorioz, sustatu nahi da saharar herria eta Arabako Lurralde Historikoa elkarri gerturatzea, eta arabar gizartearen gai horrekiko oharmena areagotzea. Horrez gain, programa horren bidez sustatzen da haurrek beste errealitate batez goza dezaten bi hilabetetan, basamortuko beren eguneroko errealitateaz bestekoa, mediku arreta eta elikadura orekatua emanez, eta, aldi berean, kultura truke bat sustatuz saharar haurren eta arabar haurren artean.