Gipuzkoan tasa turistikoaren ezarpena aztertuko duen Erakunde Arteko Mahaia martxan jarri dute gaur, astelehena, Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak. Bi erakundeotako ordezkari politiko eta teknikoek parte hartu dute lehen bilera honetan: Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Imanol Lasa, Ogasuneko eta Finantzetako diputatu Jabier Larrañagak, Donostiako alkate Eneko Goiak, zinegotzi delegatu Marisol Garmendiak, eta Donostiako Udaleko arduradun teknikoek.
Alde batetik, indarrean dagoen legediaren eta arlo honekin lotura duten foru arauen azterketa “zorrotza” egingo du Mahaiak, eta bi erakundeen eskuetan dauden txosten teknikoak partekatuko ditu. Jarrerak gerturatzen joatea da helburua, tasaren ezarpenaren abantailak eta gabeziak aztertu, eta horren ezarpena ahalbidetuko lukeen marko berri baten oinarriak jarriko lituzkeen txosten bateratu bat osatze aldera. Bestetik, adostu da Mahaiak turismoari lotutako fiskalitatearen nazioarte mailako praktika onak identifikatzen hastea, ikasketak eta ondorioak ateratzeko xedearekin, mota honetako zerga bat gauzatu ahal izateko Gipuzkoan.
Donostiako alkate Eneko Goiak, adierazi du Udalaren eta Aldundiaren arteko mahaia martxan jarri izana “aurreneko pauso bat” dela “hirian tasa turistikoa behar bezala ezartzeko bidean”. Haren ustetan, tasaren ezarpena “Donostiak luzaroan bilatutako helburua da, fenomeno turistikoa jarduera jasangarri bihurtzeko egiten ari den apustuaren barruan”.
“Aberastasun sortzaile da Turismoa, baina, aldi berean, ahalegin bat eskatzen digu presio handien jasaten dugun hirioi, hala nola Donostiari. Uste dutu tasa turistiko bateko sortuko lituzkeen dirusarrerek, Donostian turismo helmuga erakargarri bat izatearen ondorioz pairatzen dugun zama arintzeko balioko luketela”, adierazi du. Goiak konfiantza agertu du posible izango dela zerga tributu berri bat diseinatu ahal izatea, “behar besteko segurtasun juridikoarekin eta eraginkortasunarekin”, aurrekontu publikoetan eragin positiboa edukiko duena, “Donostiak eta Gipuzkoak bisitariak erakartzeko duten gaitasunari kalterik egin gabe”.