Biltzar-jauregiaren iazko jarduerak hazten jarraitu du, eta 52 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du Gipuzkoan, jarduera-maila bikaina izan baita. Horri esker, nabarmen igo da berriro maila, eta markak haustea lortu du, 317 ekitaldi antolatu ondoren, 4,3 milioiko negozio-bolumenarekin (2018an baino % 4 handiagoa),.
Halaber, eragiketen altxortegiko superabitak bere horretan eutsi dio (1,2 milioi). 2019ko balantze bikain hori jardueraren funtsezko segmentuek izandako hazkunde handien ondorioa da: alde batetik, antolatutako 152 kontzertuei esker, kultura-arloan, fakturazioak % 5eko gorakada izan du 2018koarekin alderatuta. Bestalde, 2019 oso urte ona izan da biltzarrei dagokienez, % 25 egin baitu gora biltzarkide kopuruak, bertan egindako biltzarren batez besteko kopurua 586 pertsonakoa izan da. Azkenik, oso positiboa den beste hirugarren datu batek ere ekarri du balantze arrakastatsu hori; hain zuzen ere, ekitaldiei lotutako zerbitzuen komertzializazioan (ikus-entzunezkoak, argiztapena, komunikazioak, teknikariak) izan den gorakada handiak (hots, % 32koa), zeinak markak hautsi baititu.
Bestalde, emaitzen balantze bikain horri biltzar-jauregiarentzat estrategikoa den elementu bat gehitzen zaio: bezeroen gogobetetze-maila handia, galdeketetan antolatzaileek batez beste 8,7 puntu eman baitizkiote Kursaali, 2018an baino handiagoa.
Kursaal Eszena berriz ere handitzen
Kultura-arloan, aipagarria da 2019an Kursaal Eszenak, Kursaalen beraren kultura-programazioak, % 14 handitu duela ikuskizunetara etortzen direnen kopurua, eta, horrela, guztira, 34.789 pertsona erakarri ditu. Gainera, proiektu kulturala indartuko duen beste enpresa babesle bat sartu da: LaCaixa.
Guztira, 152 kontzertu egin ziren, eta haietatik 28 Kursaal Eszenak proposatu zituen. Nabarmentzekoa da sarrerak agortu zirela bost kontzertutan: Izaro, Beirut, Vetusta Morla, Ludovico Einaudi eta Ballet Nazionala.
Kursaaleko agertokietan programatzen duten sustatzaile pribatuek ere ez ahazteko moduko kontzertuak ekarri zituzten, umorezko ikuskizunak, Musikalak eta tributuak ere. Bestalde, Goazen telesailaren ikuskizunak, «Donostia magiaz blai» ekitaldiak eta haurrentzako Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun tradizionalak ere erabat bete zuten Kursaala.
Eta, haiekin batera, ohiko beste batzuk ere izan dira; esaterako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonu-denboraldiko emanaldiak, Musika Hamabostaldiko eta Heineken Jazzaldiko udako kontzertuak, eta Donostiako Zinemaldiko 100dik gorako zinema-proiekzioak.