Bizkaian Ondarearen Europako Jardunaldiek hogeigarren edizioa ospatuko dute

0
PRUEBA

Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldiek hogeigarren edizioa dute aurten eta urteurren hori ospatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak topaketa-ziklo bat antolatu du otsailetik maiatzera bitartean, kultura-ibilbide horretan parte hartu duten kolektibo eta erakundeentzat. Ekimen honen helburua esperientziak partekatzea, balantzea egitea eta ondarearen kudeaketan, komunikazioan eta hezkuntzan sortzen diren erronka berriei buruz hausnartzea da.

«Hezkuntza eta Ondarea» da jardunaldien hogeigarren edizioaren gaia eta hezkuntzari lotutako kolektiboak inplikatuko ditu. Era berean, Bizkaiko museo eta ondareari lotutako guneen sarearen hezkuntza programa ezagutzeko aukera izango da. Lehen jardunaldia otsailaren 26an egingo da Ondare Aretoan.

Lehen jardunaldi honen ostean bigarren topaketa bat egingo da  martxoaren 24an. Hitzordu honek «Ondarea, baliabide didaktikoa», ondarearen didaktika eta baliabideen eta publikoaren artean sortzen diren loturak jorratuko ditu.

Gainera, apirilaren 22an, ondarearen interpretazioari eta genero-ikuspegiari buruzko Europako I. Foroa egingo da, eta, azkenik, maiatzean, «Ondarearen komunikazioa eta interpretazioa»  jardunaldia.

Topaketa horietan, irakaskuntzaren eta hezkuntzaren arloko profesionalek, kultura-bitartekariek, museoetako langileek eta interesa duen publikoak hartuko dute parte, eta jardunbide egokien adibideak erakutsiko dituzte, beste dinamika batzuen artean.

Jardunaldiak, funtsean, Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldien 20 urteetan noizean behin edo era erregularrean parte hartu duten kolektibo eta erakundeetako kideei zuzenduta daude.

Bizkaia, Europako erreferente ondarearen kudeaketan eta zabalkundean

Hainbat dira Ondarearen Europako Jardunaldiak gure lurraldean arrakastaz ezarri izana azaltzen duten gakoak. Lehena, Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatutako tokiko eragile, udal, erakunde publiko eta pribatu, profesional eta kultur kolektibo askoren inplikazioa eta lankidetza izan da.

Bigarren gakoa, Bizkaiko OEJen nortasun-ikurra ere badena, egin diren edizio guztietarako gai espezifiko bat aukeratzea izan da. Gai komun horrek koherentzia ematen die jarduera guztiei, eta antolatzaileek urtero fokua gure historiaren alderdi jakin batean jartzea sustatzen du. Honako gai hauek jorratu dira, besteak beste: industria-ondarea, arkitektura militarra, etxebizitza, erlijio-arkitektura, landa-bizitza eta lanbide tradizionalak, Ilustrazioaren eragina Bizkaian, migrazioak eta kultura-ondarea, ondarean egindako esku hartzeak, emakumeen jaraunspena, etab.

Gaikako koherentzia horrek eta kultura- eta gizarte-eragileen konpromisoak eta inplikazioak erreferente bihurtu dituzte Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldiak, kudeaketa-eredu finkatu eta eraginkor gisa.

Edizio berri honetan, urrian zehar, herritarrek kultur eskaintza zabala izango dute eskura, hala nola hitzaldiak, erakusketak, ofizioen erakustaldiak, produktuen dastatzeak, bisita gidatuak, antzerkiak, kontzertuak, mahai-inguruak eta familian egiteko solasaldiak eta tailerrak.

Ondarearen ikuspegi integratzaileak

Bizkaiko Foru Aldundiak, bere ekintza-eremutik, Europako Kontseiluak kultur ondareari buruz bultzatu dituen planteamendu berriak gehitu ditu, Europako estatu desberdinetako programa guztiak biltzen dituen erakundea baita. Horren adibidea Ondare Komunitateen kontzeptuaren ezarpena izan zen, ondare kultural partekatuaren defentsarekiko konpromisoa azpimarratzen duena, «gizarte proiektu» bat baita eta, beraz, herritarrek eskubideak eta erantzukizunak, ahotsa eta erabakia dituzte ondarearen babesean lehentasunezkotzat jo behar diren ekintzak definitzerakoan.

Ondarearen ikuspegi integratzaileago baten aldeko beste jarduera-ildo bat emakumeen garrantzia eta zeregina da. Era berean, 2018ko edizioak, «Ondarea, emakumeen emaria» izenekoak, emakumeek euskal kultur ondarearen sorreran eta transmisioan duten zeregina nabarmentzea lortu zuen. Kultur ondarearen komunikazioak komunitatearen barruan pentsamendu aske eta kritikoa eratzen laguntzen du, eta, gainera, tresna bikaina da integrazio eta kohesio soziala bultzatzeko.