Tokiko Gobernu Batzordeak URBYCOLAN enpresari esleitzea onartu du Irungo plaza eta Isabel II etorbidea berrurbanizatzeko proiektua gauzatzeko obra-kontratua. Lanak 32 asteko epean egin beharko dira, eta 890.530 euroko aurrekontua izango du.
Hiri-paisaia berritzeko eta ingurua indartzeko asmoz egingo diren lan horiei esker, oinezkoentzako guneak handituko dira, eta zirkulazio bideak eta aparkamenduak berrantolatuko dira.
Proiektu honek Isabel II-an oinezkoentzat gune zabalagoak aurreikusten ditu. Zenbaki bikoitien espaloia orain dituen 6,37 metroetatik 13,55 metroetara zabalduko da zirkulazio bide bat kenduz, eta bakoitiena ere handituko da neurri txikiago batean aparkamendua lerro batera murriztuz. Honekin ibilgailuek bi noranzkoetan zirkulatzen jarraitu ahal izango dute.
Errondo Pasealekuaren egonkortzea
Tokiko Gobernu Batzordeak Errondogainan luizi bat egonkortzeko obren proiektua CONSTRUCCIONES ZUBIEDER S.L. enpresari esleitzea onartu du. Bi hilabeteko epean gauzatu beharko da eta 220.279 euroko aurrekontua izango du.
Egonkortzeko proiektuaren arrazoia 2018ko apirilean gertatu zen luizian datza. Burutuko diren lanen artean, sarbideen prestatzea, gune batzuk egonkortzea, saneamendu lanak egitea, erliebearen estaltze lanak egitea eta drainatzea daude.
Donostiako Hipodromoa
Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Donostiako Hipodromoaren erabilera pribaturako emakida administratiboa zuzeneko esleipen bidez Hipódromos y Apuestas Hípicas de Euskadi SAUri ematea.
Hipódromos y Apuestas Hípicas de Euskadi SAUri emakida 2020ko urriaren 31ra arte izango da, eta, bi aldeek berariaz adostuz gero, epe hori luzatu ahal izango da, gehienez ere bi aldiz jarraian (aldi bakoitza urtebetekoa). Emakidadunak urtean 34.000 €-ko kanona ordaindu beharko du.
Horrela, Donostiako Udalak ziurtatzen du 2020ko udarako lasterketa-denboraldia egingo dela, instalazioa ustiatzeko kontratu berria zehazten den bitartean.