Lanbidek 56 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzera

0

Gobernu Kontseilua, gaur Gasteizen bilduta, onartu egin ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hartutako zenbait erabaki. Erabaki horien helburua da desgaitasuna duten pertsonen enplegua bultzatzea, lan-merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituen kolektiboetako bat baita.

Alde batetik, Gobernuak onartu egin du Lanbideren Administrazio Kontseiluaren akordioa. Horren arabera, erakunde autonomoak 50,6 milioi euro bideratuko ditu aurten enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten pertsonen lanpostuei eusteko laguntzetara.

2019an, 75 enplegu-zentro berezi izan ziren neurri horren onuradun. Horien urteko batez besteko plantilla desgaitasuna duten 10.145 langilekoa zen. Kopuru hori aurreko urteetakoa baino handiagoa izan zen. Izan ere, 2018an plantilla 9.635 langilekoa zen batez beste, eta 2017an, berriz, 9.374koa. Horrek esan nahi du 2019an enplegu-zentro bereziek kontratatutako desgaitasuna duten pertsonen kopurua 510 pertsona handiagoa zela.

Neurri horren helburua da desgaitasuna duten pertsonek lan-jarduera egonkorra eta kalitatezkoa eskura dezaten sustatzea, eta desgaitasuna duten pertsonek betetzen dituzten lanpostuen soldata-kostuak finantzatzera bideratuta dago.

Enplegurako laguntzak

Horrez gain, Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak beste bi neurri adostu ditu, desgaitasuna duten pertsonei babesa eskaintzera bideratutako laguntzak xede dituztenak, beren zeregin profesionalak enplegu-zentro berezietan zein enpresa arruntetan egin ahal izan ditzaten.

Zehazki, Lanbidek milioi bat euro inbertituko du laguntza bidezko enplegurako jardunetara zuzendutako laguntzetan, desgaitasuna duten eta laneratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean gehiago sartzeko neurri gisa.

Gainera, beste bost milioi euro bideratuko ditu aurten gure autonomia-erkidegoan dauden enplegu-zentro berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak finantzatzeko laguntzen deialdira.

Enplegu-zentro bereziek hilabeteko epea dute, aipatutako erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik, eskabideak osatzeko.

Enplegu-zentro bereziak

Enplegu-zentro berezien xede nagusia da ondasunen edo zerbitzuen jarduera produktiboa egitea, merkatuko eragiketetan erregulartasunez parte hartuta. Eragiketa horiek helburu dute desgaitasuna duten pertsonei ordaindutako enplegua ziurtatzea, eta, aldi berean, pertsona horien ahalik eta kopuru handiena enplegu arruntaren erregimenean sartzeko bidea dira.

Laguntza horiez gainera, desgaitasuna duten pertsonen enplegua Gizarte Segurantzako kotizazioan hobariak emanda sustatzen da. Hobari horiek, Estatuak erregulatuta, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura finantzatzen dira.

Informazio gehiago hemen: www.lanbide.euskadi.eus.