Lanbidek lau milioi inbertituko ditu pertsona eta proiektu ekintzaileei laguntzeko

0

Gobernu Kontseiluak onartu egin du gaur Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren akordioa. Erabaki horren bidez, ekintzaileak babesteko laguntzen deialdia onartu da 2020ko ekitaldirako, dirulaguntzen lau lerroren bidez. Guztira, lau milioi euro bideratuko ditu Lanbidek aurten.

Babes hori ekintzailetza-proiektuaren alderdi hauetan gauzatzen da:

1.- Ekintzaile potentzialentzako laguntzak, enpresa-ideia bat sortzen, aztertzen eta egituratzen soilik jardun dezaten, ekintzailetzako tokiko proiektuen esparruan (enpresa-ideia bat garatzeko laguntzak).

2.- Negozio-ideia zehatz bat duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten bultzatzeko laguntzak, ekintzailetzako tokiko proiektuen esparruan (enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzak).

3.- Enpresa-jarduera berri bat hasi eta hura ezartzeko laguntza ekonomikoa behar duten pertsonentzako laguntzak (proiektua ezartzeko laguntzak).

4.- Enpresa-jarduera bat hasi duten pertsonentzako laguntzak, hura finkatzeko (enpresa-jarduera bat finkatzeko laguntzak).

Halaber, deialdi honen xede dira enpresa-ideia bat garatzeko laguntzen eta enpresa-proiektu berriak (toki-erakunde laguntzaileek garatzekoak) abian jartzeko laguntzen onuradun diren ekintzaileak hautatzeko eta haiei laguntzeko eta/edo tutoretza emateko jarduerak estaltzera bideratuta laguntzak.

Dokumentazio eta informazio guztia aurki argitaratuko da www.lanbide.euskadi.eus webguneak.

Deialdi honetan aurreikusita dago toki-erakundeen lankidetza, horien mendeko erakundeak barne, ekintzaileen laguntzarako eta/edo tutoretzarako, negozio-ideia bat aztertzeko eta garatzeko prozesuan, eta enpresa-jarduera berriak abiarazteko prozesuan, baita horietara zuzendutako laguntzak kudeatzeko eta ordaintzeko prozesuan ere. Horretarako, erakunde horiek Lanbidek aldez aurretik baimendu behar ditu, ekintzailetza-proiektuak aurkeztu eta deialdian ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren. Lankidetza-erregimenaren baldintzak berariaz izenpetutako hitzarmenetan zehaztea aurreikusten da, deskribatutako jarduerak gauzatzeko baimena eman ondoren.