Laugarren urtez jarraian Donostiak parte hartu du Bostoneko enpleguaren azokan

0

Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak abian jarri duen “San Sebastián Connecting Talent” programa aurkeztu du Donostiako Sustapenak Bostonen (AEB) urtero egiten den MIT European Career Fair azokan. Europako Batzordeak sustatutako aukera profesionalen azoka izaten da, eta programa honen helburuak bi dira:

  • Nazioarteko talentua erakartzea.
  • Atzerrian dauden kualifikazio handiko gazte donostiarrekin harremana ezartzea.

Ekonomia Bultzatzeko Zinegotziak, Enrique Ramosek, honakoa adierazi du: “Bostoneko azokara itzuli gara talentua erakartzeko eta atzitzeko lehian gaudelako. ‘San Sebastián Connecting Talent’ gure estrategia nazioarteko mailan aktibatzeko egin dugun apustuarekin bat dator, lehenik, atzerrian dauden donostiar oso kualifikatuen komunitatearekin harremana ezartzeko eta, bigarrenik, izaera berritzailea duen proiektu bat duten gazte profesional guztiei, edonongoak izanda ere, proiektua gure hirian abian jartzeko hainbat erraztasun eskaintzeko helburuarekin. Horrez gain, hiriko ekosistema berritzailea ezagutzera eman nahi dugu talentua erakartzeko elementu gisa”.

Donostia Sustapenak erakustoki propioa izan zuen otsailaren 21ean burutu zen MIT European Career Fair azokan, eta bertan izan ziren ikusgai ‘San Sebastian Connecting Talent’ estrategiaren baitan dauden programa guztiak:

  • Bizileku programa. Proiektuak Donostian martxan jarri nahi dituzten edozein nazionalitateko ekintzaileei zuzendutako laguntzak.
  • Aukera profesionalak Donostiako enpresa eta ikerketa zentroetan.
  • Hiriko berrikuntza ekosistemaren inguruko informazioa, lehentasunezko ikerketa sektoreekin, zentroekin eta ildoekin.

Bidaia baliatuz, Donostia Sustapenak bidalitako delegazioak hainbat bilera izan ditu Estatu Batuetan delegazioa duten Donostiako enpresekin.

Ospe handiko azoka

MIT European Career Fair azokak antolatzen duen topaketara kualifikazio handiko 5.000 hautagaitik gora hurbiltzen dira, hainbat arlotan kontratazio beharrak dituzten Europako enpresa eta erakundeekin batera. Azoka honetan alternatiba profesionalak eskaintzen zaizkie Europan lan egin nahi dutenei, profil oso kualifikatuak behar dituzten eta Europan ibilbide profesionala garatzeko aukerak eskain ditzaketen erakundeekin.