Pertsonak bilatzeak jarraitzen du lehentasunezko helburua izaten

0

Iñigo Urkullu lehendakaria izan da Zaldibarko jardueren jarraipena egiteko erakunde arteko koordinazio-bileraren buru.

Lehendakaritzan gaur arratsaldean egindako bileran, Eusko Jaurlaritza ordezkatuz, Iñaki Arriola, Nekane Murga, Estefanía Beltrán de Heredia eta Mª Jesús San José sailburuak, eta Elena Moreno, Iñaki Berraondo, Josu Zubiaga eta Jon Azkue sailburuordeak izan dira. Unai Rementeria eta Imanol Pradales ere bertan izan dira, Bizkaiko Foru Aldunditik; baita Zaldibar, Ermua, Eibar, Mallabia eta Elgetako alkateak ere.

Erakunde arteko Mahaiak joan den ostegunean, hilak 13, abian jarri zenetik Batzorde Teknikoak garatutako ekintzen azalpena eta bateratze-lana jaso du, Erakunde arteko Mahaiak berak eskatuta, desagertutako pertsonen bilaketa, erreskate-lanetan parte hartu duten pertsonen segurtasuna eta kaltetutako udalerrietako eta eremuetako bizilagunen osasun publikoa sendotzeko beharrezko kontrol-planak koordinatzeko eta garatzeko.

Balorazioa

Erakunde arteko Mahaiak balorazio positibo bat egin du Batzorde Teknikoan egindako lanez. Orain esan daiteke egoerak larria izaten jarraitzen duela baina kontrolpean dagoela.

Ingurune horretako pertsonen osasun publikoa kontrolatuta eta monitorizatuta dago etengabe. Airearen, uraren eta inguruan ekoitzitako elikagaien kalitatea zuzena da, eta laginak biltzearen bidez monitorizatzen jarraitzen da. Laginak, ondoren, erreferentziako laborategietan aztertzen dira. Sutearen fokuren bat berpizteko arriskuak bere horretan jarraitzen du; hala ere, operatibo espezifiko bat jarri da martxan, arrisku hori ahalik eta gehien murrizteko prebentzio-jarduerak bermatzeko, eta, fokuren bat sortuko balitz, hartu beharreko neurriek hura ordu gutxi barru itzaltzea ahalbidetuko lukete.

Hondakindegian lanean ari diren pertsonen segurtasuna eta komunikabideen erabiltzaileena ere bermatuta daude. Hain zuzen ere, alerta goiztiarreko eta lurraren mugimendu posibleak monitorizatzeko protokolo bat jarri da abian, aurrealerta-seinalea emateko eta gerta daitezkeen istripuen arriskuak minimizatzeko beharrezkoak diren segurtasun-mekanismoak aktibatzeko.

Beraz, ahalegin guztien kontzentrazio fasea abian da desagertutako pertsonen bilaketan, Joaquin eta Alberto. Fase berri honen aitzindaritza Segurtasun Sailari eta Ingurumen Sailari dagokie, eta dagoeneko ari dira modu koordinatu batean lanean. Beraz, Erakunde arteko Mahaiak erabaki du Lehendakaritzatik garatutako koordinazioa bi sailek batera egingo dutela hemendik aurrera.