Uztailaren 1ean Batuz sistema ezartzeko proiektua bidali die Aldundiak Batzar Nagusiei

0

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak Batuz uztailaren 1ean ezartzeko Foru Arauaren aurreproiektua onetsi du. Sistema horren bidez, jarduera ekonomikoen etekinak kontrolatzeko neurriak eta zerga-betebeharrak betetzea errazteko neurriak integratuko dira. Gobernu Kontseiluak proiektua onesten duenean, Bizkaiko Batzar Nagusiei helaraziko zaie, Legebiltzarrean izapidetu dadin. Ezartzeko proiektuan, aldaketak aurreikusi dira sozietateen gaineko zergan, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, ondarearen gaineko zergan eta Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga-arau orokorrean.

Bizkaiko enpresa eta langile autonomo guztiek derrigorrez ezarri beharko dute Batuz 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, baina ezartzea borondatezkoa izango da aurtengo uztailaren 1etik aurrera. Abian jartzea prestatu ahal izateko, Foru Ogasunak topaketak antolatu ditu enpresaburuen, aholkularitzako profesionalen eta software garatzaileen enpresen kolektiboekin. Orain arte, hamar lan-jardunaldi antolatu dira, eta mila pertsona baino gehiago bildu dira horietan. Bestalde, beste hamar jardunaldi gehiago aurreikusi dira martxoaren amaierara arte.

Topaketetan, Foru Ogasunak lehen-lehen eskutik eman ditu ezagutzera Batuz proiektuaren ildo orokorrak, eta fakturak igortzeko erabiliko diren sistema informatikoek bete behar dituzten betekizunak azaldu ditu, bai eta eragiketa ekonomikoen erregistro-liburuak betetzeko beharrezkoak diren ezaugarriak ere.

Batuz sistemari buruz

Batuz ezartzearen ondorioz, baliteke enpresa eta langile autonomoek aparteko gastu bat edukitzea; hori dela eta, Bizkaiko Ogasunak arau-proposamenean jaso du PFEZren edo sozietateen gaineko zergaren kuotan % 30eko kenkaria aplikatuko dela 2020ko ekitaldian Batuz ezartzeko ordaintzen duten gastutik. Gastu kengarria softwarea eskuratzeagatik sor daiteke edo fakturazio-sistema edo periferikoen sistema berritzeagatik, hala nola tiketen inprimagailua.

Batuz sisteman, 140 eta 240 ereduak (eragiketa ekonomikoen erregistro liburuak) eta Ticketbai! sartuko dira sistema bakarrean. Azken hori foru-ogasunek eta Eusko Jaurlaritzak garatu duten software bat da, eta faktura bakoitzean enkriptatutako kode bat sartzen du; horren bitartez, salmentak ezkutatzea ezinezkoa izango da, horixe baita Bizkaiko zerga-iruzur ohikoenetako bat. Era berean, sistema horrekin sortutako fakturek QR kode bat izango dute, eta, hala, kontsumitzaileek jakin ahal izango dute faktura hori ogasunean aurkeztu den edo ez den.

Softwarea, era berean, merkatuan eskuratu ahal izango da, gainerako fakturazio- edo kontabilitate-programak bezala. Horrekin guztiarekin, Foru Ogasunak faktura gutxi sortzen dituzten zergadunentzat doako aplikazio bat eskuragarri jarriko du, eta horren bitartez, Batuz-ek ezarritako baldintzak betetzen dituzten fakturak sortu ahal izango dira.

140 eta 240 ereduek osatzen dute eragiketa ekonomikoen erregistroa, eta bertan jasoko dira jarduera ekonomikoak gauzatzen dituzten pertsonen diru-sarrerak eta gastuak. 140 eredua pertsona fisikoentzako da, eta 240 eredua pertsona juridikoentzako.  140 eredua modu progresiboan ezarri zen Bizkaian 2014. urtetik aurrera, eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera derrigorrezkoa izango da Foru Aldundiko egoitza elektronikoan izatea, eta hiru hilean behin informazioa bidaltzea. Gaur egun, urtean behin bidali behar da eta online egiten den prozesua da, baina ez da derrigorrezkoa erregistro-liburua Aldundiaren egoitza elektronikoan izatea.

240 eredua enpresen jarduera ekonomikoen erregistro liburua izango da, eta 2021eko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean. Derrigorrezkoa izango da Aldundiaren egoitza elektronikoan izatea, eta eragiketa kopuruaren arabera, informazioa egunero, hilero edo hiru hilean behin bidali beharko da. 140 ereduan bezala, IBES sistemaren informazioa eta betebeharrak jasota egongo dira bertan.

2021etik aurrera egingo diren aitorpenak

140 eta 240 ereduen bitartez zergadunek bidaliko duten informazioarekin, Bizkaiko Foru Ogasunak enpresei eta autonomoei eginda bidaliko dizkie BEZaren aitorpenak, sozietateenak edo errentarenak. BEZari dagokionez, lehenengo zirriborroa 2021eko otsailean bidaliko zaie zerga hilean behin likidatzen duten zergadunei, eta apirilean bidaliko zaie zerga hiru hilean behin likidatzen dutenei.

Autonomoek 2021eko apirilean errentaren zirriborroa jasoko dute gainerako pertsona fisikoek bezala, eta enpresek zerbitzu hori 2022ko uztailean eskuratu ahal izango dute, hain zuzen ere aurreko ekitaldiko sozietateen zerga likidatzen dutenean.

Zehapenak

Aldundiak onetsitako foru-arauaren proiektuan, halaber, jaso egin dira lehen aipatutako betebeharrak ez betetzeagatik jarriko diren zehapenak. TicketBai! softwarea falta izanez gero, negozioaren zifraren % 20ko zehapena ezarriko da, gutxienez 20.000 euroko zigorrarekin. Zehapena jaso duenak beste behin arau-hauste bera eginez gero, zehapena bere negozioaren zifraren % 30ekoa izango da, gutxienez, 40.000 euroko zigorrarekin.

Softwarea eta agiri informatikoak deuseztatu, ezabatu edo aldatuz gero, negozioaren zifraren % 20ko zehapena ezarriko da, gutxienez, 40.000 euroko zigorrarekin. Arau-haustea behin eta berriz egitean % 30eko zehapena ezarriko da, gutxienez, 60.000 euroko zigorrarekin. Era berean, iruzurra gauzatzeko softwareak garatzen dituzten enpresei zehapenak ezarriko zaizkie, eta, hala, software hori erabiltzen duten enpresen zehapen bera jasoko dute. Zehapen horiek guztiak % 30 murriztuko dira adostasuna adierazi eta zenbatekoak ordainduz gero.