Elkano Fundazioak munduari lehen bira ematea ahalbidetu zuen testuinguru kulturalean eta sozialean sakonduko du

0

Elkano 500 Fundazioaren helburua lankidetza-laneko sareak sustatzea da, eta, horretarako, munduaren inguruko lehen itsas birarekin zerikusia izan zuten Euskal Herriko udalerrien –kostaldekoak eta barrualdekoak, hegoaldekoak zein iparraldekoak– arteko hartu-emanak estutu nahi ditu 2020an, xede hartuta itsasoarekiko lotura berreskuratzea eta sendotzea. Horrezaz gain, gertaera haietaz beste kultura batzuek zer ikuspegia duten ere jakin nahiean.

Helburua hori izanik, jarduera akademikoak eta dibulgaziozkoak uztartzen dituen programa bat diseinatu du Fundazioak eta hainbat eragilerekin batera gauzatuko du. Aurreikusitako jardueretatik nabarmentzeko modukoa da ‘Mundubiraren ubera’ ekimena; izan ere, duela 500 urteko gertaerak eta testuinguru sozial, ekonomiko eta kulturala diziplina anitzetik ezagutzea du xede. Merezi du azaltzea, halaber, zenbait topaketa akademiko ere izango direla, besteak beste, Nazioarteko Biltzar bat.

Erakundeak gaur aurkeztu du 2020rako programazioa, Donostiako San Telmo museoan izandako prentsaurrekoan; honako hauek aurkeztu dute: Fundazioaren presidente eta Getariako alkate Haritz Alberdi, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpurua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusi María José Telleria, eta Fundazioaren zuzendari Ion Irurzun.

Haritz Alberdik adierazi du zein den erakundearen erronka nagusia: Euskal Herriko udalerrien eta erakundeen arteko lankidetza sustatzea denon historian, itsasoaren historian sakontzeko. “Elkano eta munduari bira posible izan ziren, zehazki, Euskal Herria osoan itsas kultura handia zegoelako». Joan den urtean, Euskal Herriko 22 udalerrik egin zuten bat Itsasoratze itunarekin Elkanoren Itsasoratzea jaialdian. “Aurten ere lan egiten jarraituko dugu lankidetza horri segida emateko”.

Ion Irurzun zuzendariak adierazi du Fundazioak historiaz ikasi nahi duela, baina indibidualismoaren muga gainditzen duen ikuspegitik ikasi, testuinguru historiko eta sozial kolektiboen berri izateko, betiere «beste kultura batzuen ikuspegia» kontuan hartuta.

Elkanoren Euskal Herritik beste herri batzuen ahotsera

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuruak adierazi du lehenbiziko itsas biraren 500. urteurrenak bide ematen duela «pentsatzeko zer historia kontutako diogun geure buruari, eta kontatzea hein handi batean protagonistak izan zirenen ikuspegitik; oso euskal gizarte aktiboa eta ekintzailea baitzen, leku garrantzitsuenetan eta botere-esparruetan parte hartzen zuena”. Eta “zorroztasun zientifikoarekin” kontatzeko, ezinbestekoa dela ikerketan sakontzea, “mugatu gabe banakotasunera eta gertaera jakinetara”.

Aizpuruak aurten gauzatuko diren jarduera akademikoen nondik norakoak azaldu ditu. Besteak beste, Fundazioak bultzatuta Asociación Española de Americanistas elkartea antolatzen ari den XIX. Nazioarteko Biltzarrak ‘Juan Sebastián Elkano, el maestre, el hombre’ sinposioa hartuko du (ekainaren 8an eta 10ean). Martxoaren 15a arte zabalik dago txostenak aurkezteko epea.

Ekainaren 17 eta 18an ‘ ‘Juan Sebastian Elkanoren Euskal Herrian barna bidaia’’ izeneko udako ikastaroa izango da, espezieetarako espedizioko parte-hartzaileak eta lehorrean geratu zirenak nola bizi ziren jakiteko. Miramar jauregiko eskola-saioez gain, garai hartan aditu diren historialariak lagunduta zenbait leku bertatik bertara ezagutuko dituzte, hala nola Getaria, Aiako Agorregi burdinola eta Oria ibaia.

Urriaren 7tik 10era bitartean, Donostiako San Telmo museoan ‘Mitoaz eta epopeiaz harago: Euskal Herria eta Magallanes-Elkano espedizioa lehen globalizazioaren testuinguruan’’ Nazioarteko Biltzarra izango da. Euskal Herriko hizlariez gain, Espainiar estatuko, Portugaleko, Filipinetako, Kanadako, Mexikoko eta Ekuadorreko hizlariak izango dira, eta besteak beste, gai hauek landuko dituzte: historia-hezkuntza mundu globalizatuan, genero-ikuspegia historiaren irakaskuntzan, pedagogia dekoloniala eta euskal diaspora Aro Modernoaren hasieran.

Dibulgazioa: erronka

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusi María José Telleriak Elkano 500 Fundazioak dibulgazioaren alorrean aurreikusita dituen jarduera nagusien berri eman du. Adierazi du dibulgazioaren erronkak berebiziko garrantzia duela, eta “Euskal Herriko historiaren aldi interesgarrienetako bat hartzen duela, euskal nabigazioaren urrezko aroa delako eta aukera ematen duelako alderdi humanoa mundializatzeko, globalizatu ordez”.

Jakitera eman du ‘Mundubiraren ubera’ zikloa aurten osatuagoa izango dela, konferentziak, hitzaldiak, dokumentalak, erakusketak eta tailerrak izango direlako; gaineratu du, horien guztien bidez gai asko landuko direla, hala nola mugimendu migratorioak, emakumeak itsasoan izan duen rola, astronomia eta nabigazioa duela 500, eta euskara mundubiran. “Ekimen hori Getarian jarri da abian, baina Euskal Herriko beste udalerri batzuetara esportatzeko aukera ematen du», esan du.

Telleriak, halaber, lehenbiziko itsas bira, haren testuingurua eta horrek gizon-emakumeontzat izan dituen ondorioak mota guztietako jendeari helaraztea xede duten hainbat proiektu aipatu ditu: argitalpenak, ikus-entzunezkoak, erakusketak eta arte eszenikoak. Zehazki, Elkanoren biografia eguneratuaren argitalpena euskaraz, 2019an egindako Getaria-Sevilla itsasaldiari buruzko dokumentala, egonaldi artistikoak Euskal Kultur Erakundearekin batera, Pasaia Itsas Festibalarekin lankidetza eta Guinness World Records liburuan lehenbiziko edizioan sartzea euskaldunek lehen itsas biran egindako ekarpena.

Eztabaidarako zubiak eta eremuak

Fundazioak, horrezaz gain, lehenbiziko urtean egindako lanaren balantzea egin du. Horren harira, Haritz Alberdi presidenteak adierazi du lehen itsas birarekin lotura duten zenbait herrialderekin hasi direla “zubiak” eraikitzen, hala nola Andaluziarekin, Gaztelarekin, Portugalekin eta Txilerekin, alde batera utzita ikuspuntuak, ikusmoldeak, interesak eta bestelako egiteko moduak”.

Bestalde, hausnarketarako eta eztabaidarako eremu publikoak eta pribatuak sortzearen garrantzia azaldu du: “ikuspegiak elkarri ezagutarazteko eremuak behar ditugu, lehen itsas biraren gertaerei buruzko kontakizuna denon artean osatzeko, zer izan garen eta zer garen azaltzen lagunduko digun kontakizuna osatzeko”.