Foru Aldundiak herrietako hondakin organikoen bilketa eta kudeaketa hobetzeko laguntzetarako deialdia egin du

0

Arabako Foru Aldundiak onetsi du Arabako herrietan hondakin organikoen ezarketa eta kudeaketa hobetzeko dirulaguntza plan berri baten deialdia. Denetara, 125.000 euro bideratuko ditu hondakin mota hori –janari, inausketa eta lorazaintza hondarrak barnean hartzen dituena- hobetzera, Arabako Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planeko 57. ekintzan jasotzen den bezalaxe.

Hainbat ekintza dira diruz lagundu daitezkeenak, hala nola edukiontzi marroiak ezartzea, edo konpostatze sistema komunitarioen instalazioa etxebizitza zonetarako, ikastegietarako, jatetxeetarako edo egoitzetarako. Halaber, laguntzak birringailuak eta makineria espezifikoa erostera bideratu daitezke, bai eta etxeko edo banakako konpostatze sistemak hobetzera ere.

Hondakin organikoen kudeaketa hobetzeko eta gainontzekoen zatian, hau da, edukiontzi grisean bukatu ez daitezen, ezinbestekoa da, baita ere, tokiko sentsibilizazio kanpainak egitea. Horrengatik, Aldundiaren Ingurumen Sailak bultzatzen duen laguntza planak dirulaguntzak emango ditu kontzientziazio ekimenetarako.

Arabako zenbait toki erakunde baliatu dira dagoeneko janari, inausketa eta lorezaintza hondakinen bilketa eta kudeaketa hobetzeko Aldundiaren planaz. Joan den urtean, Aramaio, Zuia, Arratzua-Ubarrundia eta San Millán / Donemiliagako udalek eta Añana, Arabako Errioxa, Aiara eta Arabako Mendialdeko kuadrillek Aldundiaren dirulaguntza jaso zuten hondakin biologikoak birziklatzeko beren sistemak hobetzeko.