Alos Quartet martxoaren 21ean helduko da Euskaldunara

0

Alos Quartet, Xabier Zeberiok (nyckelharpa, biolina), Francisco Herrerok (biolina), Lorena Núñezek (biola) eta Iván Carmonak (biolontxeloa) osatutako kamera laukoteak kontzertua eskainiko du martxoaren 21ean Euskalduna Jauregian, 2020ko Loraldia jaialdiaren barruan. Iaz XX. urteurrena ospatu eta “Lau” laugarren diskoa kaleratu ondoren, Oskorri taldeko biolin jotzaile ohia buru duen taldea lan berriarekin helduko da.

“Lau” diskoa izango da kanta folklorikoak eta barnerakoiago eta atmosferikoago beste batzuk ere eskainiko dituen kontzertuaren oinarria, ikuskizuna sorkuntzako jai handia bilakatuz. Horrez gain, laukotearekin batera Amaia Elizaran dantzari eta koreografoa, Aukeran Dantza Konpainia eta ezusteko zenbait artista arituko dira. Euskal dantzako bi unibertso horien arteko lankidetzak, ikusiz eta entzunez gozatzeko jaia bilakatuko dute Euskalduna Jauregikoa, eta ezusteko gonbidatuek ikus-entzuleen emozioak azaleratuko dituzte.

Kontzertua, martxoaren 10etik 29ra Bilbon ospatuko den Loraldia Jaialdiaren VI. edizioaren barruan dago. Beste urte batez, jaialdiaren helburua euskal sorkuntza lan garaikideak erakustea eta beste ekoizpen lan propio batzuk sustatzea da. Aurtengo edizioak hogeita hamar bat kultur hitzordu izango ditu Bizkaiko hiriburuko hainbat puntutan. Horien artean, Alos Quartet taldeak martxoaren 21ean, 20:00etan, Euskaldunan eskainiko duen kontzertua azpimarratu behar da.

Sarrerak eskuragarri daude jada www.euskalduna.eus helbidean eta ohiko beste kanal batzuetan, 13,50 eurotik aurrera (kudeaketa gastuak barne).