Barakaldok Emozio jardunaldiak antolatu ditu nerabeen hezkuntza eta osasun emozionalaren alderdiak lantzeko

0

Barakaldoko Udalak, Gazteria Arloaren bitartez, Emozio Jardunaldiak antolatu ditu berriz ere ostegun honetan, hilak 27, eta ostiralean, hilak 28. Giltzarri Hezkuntza Aisialdi eta Partaidetza Zerbitzuak 12 eta 18 urte bitarteko neska-mutilekin egindako programa da, gure nerabeen hezkuntza eta osasun emozionalaren alderdiak lantzeko. «Autoestimua, emozioen kontrola, afektibitatea edo arriskuen kudeaketa landuko ditugu» adierazi du Jonathan Martin Gazteria Arloko zinegotziak. «Jardunaldi hauek 14. aldiz egingo dira, eta gaia, ohi bezala, neska-mutilek aukeratu zuten joan den urrian antolatu zen Giltzarri Plataformaren batzarrean. Nire oinetakoak jantzi/Ponte mis zapatos lelopean garatuko dira», adierazi du Martinek.

Neska-mutilek beren kezka adierazi zuten, ez baitakite zehazki nola lagundu lagunei eta ikaskideei hainbat arrazoirengatik zailtasunak izaten ari direnean eta gaizki daudela ikusten dutenean, ez baitakite erabakiak nola hartu behar diren, edo nola eskatu behar den laguntza.

«Jardunaldi horien bidez, nerabeek beren parekoekiko komunikazioa hobetzeko trebetasunak eskuratu nahi zituzten, eta beren lagunek hasieran eskatzen dieten laguntza hori nola bideratu edo eman jakin», adierazi du zinegotziak.

Beste batzuetan bezala, jardunaldietan nerabeei zuzendutako bi saio izango dira, batetik, eta familiei eta bestelako hezitzaileei zuzendutakoak, bestetik. Bi topaketen edukiak berdinen arteko laguntza dute ardatz, eta nola lagundu ahal zaien gazteei rol desberdinetatik: lagun edo aitarena, amarena, hezitzailearena, begiralearena¿ egunerokoan gertatzen zaizkien egoeretan.

  • Nerabeei zuzendutako topaketa. Batzuetan zaila egiten zaigu bestearen lekuan jartzea, eta ez dakigu nola lagundu aholkua eskatzen digutenean.
    12 eta 18 urte bitartekoentzat.  otsailaren 27an, 17:30ean.  Tokia: Topaleku Barakaldo (CIS, Anaien Parkea, 3. solairua)
  • Gurasoentzako eta hezitzaileentzako topaketa.
    Otsailaren 28an, 18:00etan.  Tokia: Topaleku Barakaldo (CIS, Anaien Parkea, 3. solairua), seme-alabei laguntzeko orduan sortzen diren zalantza askori erantzuteko, inor epaitu gabe. Helburua seme-alabei laguntzeko jarraibideak eta baliabideak eskuratzea izango da, erreferentzia-rola duten gazteak baitira.

Topaketetara joatea doakoa izango da eta aldez aurretik izena eman beharko da Zerbitzuko Topalekuetan (CIS, Anaiak Parkea, 3. solairua eta Gurutzetako Gizarte Etxea), baita 944789597 eta 944789641 telefonoetan edo giltzarri@barakaldo.eus helbide elektronikoan ere.

«Gaur egun, esan dezakegu gazteen osasun mentaleko arazoak erronka handia direla osasun publikoarentzat. Kalkuluen arabera, mundu osoko nerabeen % 20k osasun-arazoak edo portaera-arazoak dituzte, hainbat estres-egoerak, autozainketa eskasak edo egoeraren araberako faktoreek eraginda», azaldu du Martinek.

Martxan jar ditzakegun prebentzio-neurri guztiek arazo mentalak larriagotzea eta aurrera egitea saihesten lagun dezakete. Detekzio goiztiarrak arazo horien larritasuna mugatzen du, eta gazteek berek jardun dezakete berdinen artean arazo horiek lehen aldiz detektatzeko agente gisa, nerabezaroan indartu egiten baitira pertsonen arteko eta gizarteko harremanak.