Ekodiseinuko eta ekonomia zirkularreko produktuen salmentak ia 5.000 milioi eurokoak dira Euskadin

0
PRUEBA

Ekonomia zirkularreko produktuen eta zerbitzuen salmentak, azken azterketen arabera, 4.917 milioi eurokoak dira jada; «bide onean ari gara», beraz. Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuorde Elena Morenok eman du datu hori gaur Basque Ecodesign Meeting (BEM 2020) biltzarraren bigarren egunean, ekodiseinuarekin lotutako Europako hegoaldeko biltzar nagusian, alegia.

Sailburuordeak nabarmendu du ekodiseinuan eta ekonomia zirkularrean aritzen diren enpresek «funtsezko eginkizuna» dutela baliabideak eraginkortasun handiagoz erabiltzen dituen ekonomiaranzko trantsizioan. «Made in Euskadi ekodiseinuaren 20 urte» izeneko gogoetaren barruan, Morenok azpimarratu duenez, «ekonomia zirkularra aukera bat da enpresentzat», eta «fakturazioa hazteko aukerak handiagoak dira ekonomia zirkularreko proiektuetatik datozen produktuentzat produktu tradizionalentzat baino».

Ihobek agindutako azterketaren arabera, enpresen % 88k aurreikusten dute inbertsio berriak egitea ekoberrikuntzaren eta ekipo efizienteen arloan hemendik 2025. urtera arte. Adierazi du, halaber, hamar ekonomia zirkularreko produktuen proiektutatik zortzi baino gehiago (% 85) ekonomikoki errentagarriak direla.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Ihobe sozietate publikoaren bidez, eta Basque Ecodesign Centerrek antolatu dute biltzarra; askotariko arloetako 700 profesional ekarri ditu Euskadira (energia berriztagarriak, automobilgintza, mugikortasuna, eraikuntza, makinagintza, elikagaigintza eta higiezinen sektorea, besteak beste); ekodiseinatutako eta ekonomia zirkularraren logikari jarraikiz sortutako produktuak eta zerbitzuak lortzeko joera eta erronkekiko interesak elkartu ditu profesionalok.

Gaurko hitzaldien artean, Coca-Cola European Partners Iberiako Jasangarritasuneko zuzendari Carmen Gómez-Acebok «Avanzamos» estrategia azaldu du; enpresetan jasangarritasun-irizpideak ezartzeko estrategia bat da, eta hamahiru herrialdetan bultzatzen ari dira jada erakundea.

Mahai-inguru sektorial paraleloak ere antolatu dira jardunaldian, eta askotariko gaiez gogoeta egin da: kimikagintzako substantzia birziklagarriez; metalgintzako material kritikoez; altzarigintzan modularizatu eta birmanufakturatzeko beharraz; elikagaigintzako ontzi jasangarri berriez, eta material jasangarri eta arinak erabiltzeaz, bai eta mugikortasun eta automobilgintzako produktuen bizitza luzatzeaz edo materialen bigarren bizitzaz, besteak beste.

Sektore pribatuko erosketa berdeari buruzko programa pilotua

Ingurumeneko sailburuorde Elena Morenok Estatuan aitzindaria izango den programa pilotu bat iragarri du ostegunean, BEM 2020 biltzarrean: zazpi enpresak eta kluster batek erosketa berdea bultzatuko dute sektore pribatuan. Sektore pribatuan ingurumenaren aldetik jasangarriak diren produktu eta zerbitzuen hornitzaileak kontratatzea lehenestea da ideia; Euskadiko sektore publikoan oso ezarrita dago jada ekimen hori.

Basque Ecodesign Centerreko enpresekin (Iberdrola, CIE Automotive, EDP, Vicinay, Euskaltel eta Ormazabal) eta Aclima klusterrarekin ekingo zaio probari, eta gainerako enpresei zabalduko zaie gerora, beren borondatez bat egin dezaten. Enpresek ingurumena kontuan hartzen duten erosketen eta kontratazioen urteko plana sortuko dute, erosketak eta ingurumen-irizpideak zehaztuta, bai eta horiek ebaluatzeko adierazleak ere, eta Ihobek, berriz, erosketari buruzko azterketa egingo du, eta Euskadiko sektore pribatuan zabaltzeko moduko ereduaren proposamena garatuko du.

Sektore publikoan irizpide horiek ezarrita daude dagoeneko, eta emaitza onak dituzte. Gaur egun Euskadiko 200 erakunde publikok baino gehiagok txertatu dituzte jada ingurumen-irizpideak kontratazioetan, eta 1.000 erosketa-plegu inguru egin dira parametro horiei jarraikiz. 2020rako helburua hau da: Administrazioaren lehentasunezko sektoreetan (ibilgailuak, obra zibila, garbiketa, paper-gauzak…) produktu, zerbitzu eta obren kontratazioen erdiak egin daitezela ingurumen-inpaktu murriztua dutenak hobetsita. Ihobek horren «onura ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak» nabarmendu ditu.

Belaunaldi berrien inplikazioa

Ostiralean amaituko da BEM 2020 biltzarra, etorkizunari begiratuz; belaunaldi berrietako profesionalen begiradarekin, alegia. Jende gaztearen ahalmena: ekonomia zirkular berri bateko liderrak izenburupean, unibertsitateko eta Lanbide Heziketako 200 ikasle joango dira Euskaldunara, ekodiseinuarekin esperimentatu nahian.

Nicola Cerantola industria-ingeniari, irakasle eta aholkularia, enpresen ekonomia zirkularreranzko trantsizioa babesten duena, arduratuko da belaunaldi berriei azaltzeaz nola bihur daitezkeen eraldaketaren eragile, ekonomia zirkularrari erantzuten dion etorkizunerako diseinuaren bidez. Horrekin batera, irakasleek gazteak ekonomia zirkularrean trebatzeko erronkei buruzko hitzaldiak eta eztabaidak edukiko dituzte.

Gazteek «Made in Euskadi ekodiseinuaren 20 urte» erakusketa ere ikusiko dute; igandera arte egongo da zabalik, herritarrek Euskadin ekodiseinatu eta sortutako produktu onenen 130 baino gehiago ezagutu ahal izan ditzaten.