Gasteizko Udalak eta Euskal herriko Unibertsitateko Arabako Campusak elkarrekin sustatzen duten Enplegu Gune Foroaren X. edizioa martxoaren 5ean izango da, eta protagonismoa emango die lurraldeko enpresei, beren langile-beharrak aurkeztu eta azaldu ahal izango baitituzte. Horrez gain, lanbide-gaitasunak hobetzea bezalako alderdiak ere landuko dituzte. Izen-emateak ixtear badaude ere, 43 enpresak parte hartuko dute, eta horietatik 33k stand izango dute. Oraingoz, 292 dira eskainitako lanpostuak, iaz baino 19 gehiago, eta erdiak baino gehiagok kualifikazio ertain eta handiko profila dute. Europa Biltzar Jauregian egingo dute hitzordua, eta Enplegu Gune indartzeko aukera emango du, Gasteizen enpleguarekin zerikusia duten eragileen topagune nagusi gisa.
Enplegu eta Prestakuntzako zinegotzi Igor Salazarrek eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreorde Ivan Igartuak aurkeztu dute Enplegu Gune 2020 jardunaldia. Jardunaldi horren helburua da enplegu-eskatzaileen edo beren lan-egoera hobetu nahi duten pertsonen arteko topaketa eta ezagutza bultzatzea, bai eta beren plantilletan langileak sartu behar dituzten eta udalerriko langabeen eskura dauden enpresa publiko eta pribatuen artekoa ere. Lanpostu bat lortzeko aukerak hobetzen lagunduko dieten zerbitzuak eta baliabideak, bai eta lanpostu horretan espezializatutako tresnak ere.
Ekitaldirako antolatutako jardueren artean, erakundeen eta enpresen aurkezpenez eta informazio-standez gain, aipatzekoa da orientazioko profesionalei zuzendutako jardunaldi teknikoa, Gasteizko Udalak bultzatzen duen GPS proiektuaren barruan. Oraingo honetan, Steam hezkuntzako genero-ikuspegia izango da ardatz.
«Gurea bezalako lurralde industrial batean, funtsezkoa da gazteen artean bokazio zientifikoak pizteko moduari buruz hausnartzea, haiek ere ezagutza horiek behar dituzten sektore batzuetako lan-eskaintzetan parte har dezaten», adierazi du Igor Salazar Enplegu eta Trebakuntza zinegotziak.
Jardunaldi horretan, esperientzia handiko bi hizlarik parte hartuko dute: Lorena Fernández Álvarez, ingeniari informatikoa, Deustuko Unibertsitateko identitate digitaleko zuzendaria eta genero-ikuspegidun Steam delakoari buruzko dibulgatzailea, eta Vane Calero Blanco, Matematika Zientzietan lizentziaduna, Sorkin hezkuntza-elkarteko bazkide sortzaile eta koordinatzailea.
Enplegu Gune Foroaren helburua da gure inguruko enpresetako giza baliabideetako profesionalen, enplegu-bilaketa aktiboan dauden pertsonen, azken heziketa-zikloetako ikasleen, gizarteratzean eta laneratzean lan egiten duten profesionalen eta enplegua sortzen ari diren erakunde publikoen arteko topagunea izatea. Eta, Ivan Igartua Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreordeak adierazi bezala, «Unibertsitatearen estrategiaren parte da, ikasle eta ikasle ohien enplegagarritasuna eta laneratzea bultzatzea, eta, horrela, lurraldearen garapenean laguntzea».
Jardueretako izen-ematea online egin daiteke, eta informazio guztia http://empleo-gune.org webgunean dago eskuragarri.