Eusko Jaurlaritzak eta Auditoretza Soziolaboral eta Berdintasunaren Euskal Erakundeak lankidetza-hitzarmena sinatu dute

0

San José sailburuak eta José Manuel Iturrate IVAS-ASEEko presidenteak hitzarmen bat sinatu dute gaur Bilbon. Hitzarmenaren helburua da Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailaren eta Auditoretza Soziolaboral eta Berdintasunaren Euskal Erakundearen arteko lankidetza arautzea, Agenda 2030 agendaren garapen jasangarriko helburuak hobeto betetze aldera.

“IVAS-ASEErekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker —adierazi du María Jesús San José sailburuak—, azkarrago eta modu efizienteagoan lortu ahal izango dira Agenda 2030 agendaren lan-harremanen arloko helburuak. Horretarako, gizarte-arloko prestakuntza eta informazioa emango da, enpresen kaudimen soziala ziurtatuko da, jardunbide egokiak sustatuko dira eta araudia betetzeko kultura zabalduko da, baita Lanaren Nazioarteko Erakundearen Lan Zuzenaren Programaren zutabeak edo ezaugarriak biltzen dituzten helburuak lortzen laguntzen duen beste edozein lan edo jarduera ere”.

Bestalde, José Manuel Iturrate eta Auditoretza Soziolaboral eta Berdintasunaren Euskal Erakundearen presidenteak eskerrak eman dizkie sailburuari eta Lan eta Justizia Sailari IVAS-ASEE erakundean jarritako konfiantzagatik. “Pribilegio bat da —erantsi du— lan-administrazioarekin eta Lan Ikuskaritzarekin lankidetzan aritu ahal izatea, enpresek arauak betetzeko kultura hobetzeko eta Agenda 2030 agendaren helburuak lortzeko. Gure tresnak auditoretza, informazioa eta prestakuntza dira; eta erabateko konpromiso profesionala dugu enplegu duinarekin, lan zuzenarekin, jasangarritasunarekin eta desberdintasunaren aurkako borrokarekin”.

Gainera, hitzarmenean ezarritakoaren arabera, Lan eta Justizia Sailak, zuzenean edo Lan Ikuskaritzaren bidez, laguntzako egiaztapen-lanak egitea eskatu ahal izango die Auditoretza Soziolaboral eta Berdintasunaren Euskal Erakundeko profesionalei. Horrez gain, eskatu ahal izango die araudia betetzearen arloko prestakuntza eta informazioa ematea enpresei, edo kanpaina espezifikoetan adierazitako helburuak lortzeko zereginetan jardutea.

Halaber, Lan eta Justizia Sailak, dagokion egiaztapena egin ondoren, erabili ahal izango ditu erakundeko auditoreek ematen dituzten betetze-ziurtagiriak edo kaudimen sozialeko zigilua. Horrez gain, laguntza emango du enpresetan laneko betetze-kultura (Compliance) ezar dadin sustatzeko ekimenetan, baita lehiaketa publikoetan klausula sozialak betetzen direla egiaztatzeko ekimenetan ere; horretarako, hala badagokio, ziurtagirien eta etiketen baliozkotasuna/egiaztapena sustatuko du. Era berean, balizko esku-hartzean, aholkularitza eskainiko du, esleipen-irizpideak eta egikaritze-baldintzak zehazteko garaian.