Informazio hitzaldi batek familia harrera hurbilduko du Gasteizko Adurtza auzora

0

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE), Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailari atxikitako erakunde autonomoak, informazio hitzaldi berezia antolatu du babes gabezia larrian dauden adingabeen familia harreraren inguruan. Hitzordua datorren astelehenean, martxoak 2, izango da 18:00etan auzoko gizarte etxean (Heraclio Fournier k, 30. Gasteiz), Adurtzakoak auzotarren elkartearen lankidetzarekin antolatuta.

Hitzaldietan Araban harrera familian interesa duen pertsona orok har dezake parte. Hitzaldietan harrera modu horren oinarrizko alderdiak jorratzen dira, informazioa ematen da adingabeen ezaugarri eta bizipenen inguruan, protagonista bakoitzak harreran zer zeregin duen aztertuko da, zein lege eta administrazio esparru dagokion, eta, guzti-guztia, parte hartzean oinarritutako metodologia dinamiko baten bidez.

Harrera babes neurri bat da, hainbat egoerarengatik gurasoekin bizi ezin diren umeei berea ez den familia batekin garatzeko aukera ematen diena, eta aldi berean, beren gurasoekin harremanak izatea uzten diena kalte hori konpondu nahian.

Familia profil eta mota guztiek egin dezakete harrera: familiek, bikoteek, bikoterik gabeko pertsonek, seme-alabekin edo seme-alabarik gabe. Interesdunak familia harrerako programarekin harremanetan jar daitezke, honela: 945 77 30 52 telefono zenbakira deituz edo acogimiento@araba.eus helbide elektronikora idatziz.

Harremanetarako bide horiek eurak erabil ditzakete Familia Harrerari Laguntzeko Programak berariazko talde batentzat zuzendutako hitzaldiak antola ditzan interesa duten erakunde edo elkarte guztiek.

Gainera, ohiko egutegian sartuta dauden hitzaldiak Arabako Familia Harrerako Programaren Gasteizko lokaletan ematen jarraituko dira (Olagibel k, 20- 1. solairua, 1. bulegoa). Hauexek dira hurrengo datak: martxoak 16, apirilak 6, maiatzak 18, ekainak 15, irailak 21, urriak 19, azaroak 23 eta abenduak 14. Hitzaldi guztiak izango dira 17:30etik aurrera.