Pentsamendu tailerra abiatuko dute bihar Orioko Etxeluze Gaztetxean

0

Herriko gazteek gaur egungo gai polemikoen inguruan pentsatu eta arrazoitzen ikastea helburu duen lantegia jarri du martxan Aritz Pardina Filosofian graduatutako oriotarrak. Fakultatean ikasten zebilela abiatu zuen proiektua Pardinak. «Ikasleei zuzendutako mintegi moduko bat jorratu genuen. Graduan zehar lantzen genituen gaiak mahai gainean jarri eta erreplika egiten genien, iruzkindu egiten genituen».

Fakultateko saioekin jasotako erantzunak motibatuta, mintegiaren ideia herrira ekartzea erabaki du oriotarrak, Ekaitz Txapartegi Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle zarauztarraren laguntzarekin. Izan ere, Orion horrelako gune baten «beharra» dagoela uste du Pardinak: «Gaur egun informazioz eta publizitatez bonbardatuta bizi gara. Teknologia aldetik ere, gizakiak orain arte egiten zituen lan asko makinek egiten dituzte. Gizakiaren lana geroz eta gehiago ari gara mugatzen». Egoera horrek «pentsatzen jartzeko beharra» eragin duela uste du.

Lau mahai inguru
Saioak «ahalik eta entretenigarrien» egiteko hautua egin dute antolatzaileek. Horregatik, hitzaldi luzeak antolatu beharrean, ordu eta erdi inguru iraungo duten solasaldiak izango dira. «Hitzordu bakoitzak gonbidatu bat edo bi izango ditu. Gai bat aurkeztuko dugu eta hamar minutuko azalpen bat emango du adituak. Amaitzeko, galdera bat utziko dugu airean, eta horren harira mahai-inguru aske bat sortuko dugu».

Bihar izango da lehenengo saioa, 18:30etik aurrera. Umoreari buruzko gogoeta batzuk izenpean, umorearen mugak jarriko dituzte mahai gainean. Horretarako, EHUko irakasle den Agustin Arrieta eta Maddi Nazabal Filosofian graduatua izango dira gonbidatuak.

Bigarren saioa martxoaren 27an izango da, ostiralarekin. Politika Zientzian eta Kudeaketa Publikoan graduatu Oier Zeberiok emango dio hasiera Arrisku teknologikoen kudeaketa: segurtasuna eta demokrazia mahai- inguruari. Hurrengo bi saioak «lotzeke» badituzte ere, finkatuak dituzte gaiak: hezkuntza eta generoaren inguruan arituko dira.

Hortik aurrera, urtean zehar hilero mahai-inguru bat antolatzea dute helburu Pardinak eta Txapartegik. «Saioetan parte hartzera animatzen direnek gaiak proposatzea» da antolatzaileen nahia: «Gune publiko honetan sortzaile direnen edo jakin-mina dutenen ekarpenak jaso nahi ditugu, jendeak modu aske batean bere ideiak aurkezteko txokoa bilakatzeko».

Saio guztiak Etxeluze Gaztetxean izango dira, 18:30etik 20:00ak ingurura bitartean, eta doakoak izango dira. Antolatzaileek herritarrak eta inguruko herrietako gazteak gonbidatu nahi dituzte mahai-inguruetan parte hartzera. Izen-ematea saio bakoitzeko egin beharko da, «konpromisorik gabe». Horretarako, parte hartu nahi dutenek datuak oriopentsamendutailerra@gmail.com helbidera bidali behar dituzte.