Kimuak programak bere azken film laburren aukeraketa aurkeztuko du arratsaldean Bilboko Arte Eder Museoan, Jesus Mari Lazkano, Raúl de la Fuente, Izibene Oñederra, Aitor Arregi edo Jose Mari Goenagaren lanak jaso dituena

0

Kimuak programak bere azken bildumako film laburrak aurkeztuko ditu arratsaldean Bilboko Arte Eder Museoan. Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez eta Euskadiko Filmategiarekin batera, bultzatzen du proiektu hau, azken hautaketan honako film hauek jaso dituena: Artiko, Josu Venero eta Jesus Mari Lazkanorena; El Infierno, Raúl de la Fuenterena; Labo, Jesús María Palaciosena; Leyenda Dorada, Ion de Sosarena eta Chema García Ibarrarena; Lursaguak, Izibene Oñederrena; Mateoren Ama, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagarena; eta Medvedek, Ainhoa Gutierrez del Pozorena. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua aurkezpenean izango da, besteak beste, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariarekin batera.

Atzo arratsaldean Tabakaleran eta gaur Bilboko Arte Ederren Museoan 2019ko Kimuak selekzioaren lehen emanaldi irekiak egiten ari dira. Dena den, katalogoak aurrez ibilbide luzea egin du mundu osoko jaialditan. Katalogoaren bidea Donostiako Zinemaldian hasi zen, eta ordutik mundu osoko 170 jaialditara eraman da, tartean ZINENI, Berlinale, BAFICI, Palm Springs, SEMINCI, Hong Kong, Bogoshorts, Black Canvas eta Warsaw bezalako jaialdietan erakutsiz.

Kimuak programaren helburua nazioarteko zinema jaialdi, erakunde eta ikus-entzunezko ekitaldi nagusietan euskal film laburrak sustatzea eta banatzea da. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa du programak, Etxepare Euskal Institutuaren eta Euskadiko Filmategiaren bidez. Prozesua urte hasieran hasten da, katalogo honetan parte hartzeko deialdia irekitzean. Ondoren, ‘kimu’ berriak aukeratzen dira, eta irailean aurkezten dira, Zinemaldian. Hortik aurrera, katalogoak mundu osoko jaialdietatik hasten du bere ibilbidea.

Aukeraketa egiteko irizpide nagusia «lanaren kalitatea da, baita publiko zabal batek hura ulertzeko aukera izatea ere» Horrez gain, proposamenaren originaltasuna eta arriskua baloratzen dira, euskaraz filmatuta egotea eta teknikari eta aktore euskaldunen parte-hartzea.

Kimuak programa zutabe garrantzitsua da euskal zinema-sistemaren barruan, eta programa honetan euskal zinemagile garrantzitsuenetako batzuek parte hartzen dute edo parte hartu dute iraganean. Kimuak-ek euskal erakundeek euskal ikus-entzunezkoak sustatzeko egiten duten ahalegina sendotu nahi du, eta bestelako bideak osatzera dator: Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntza deialdiak, EiTBk euskal zinemari ematen dion bultzada, jaialdi nagusien babesa edo Zineuskadi eta Euskadiko Filmategia bezalako eragileen lana.