BIND 4.0 programak bosgarren edizioaren deialdia ireki du startupekin lan egiteko interesa duten trakzio-enpresa berrientzat

0

Industria adimenduneko BIND 4.0 startupen azeleratzaile publiko-pribatuak deialdi berri bat abian jarri du, trakzio-enpresek bosgarren edizioan parte har dezaten. Deialdia irekita egongo da martxoaren 31 arte. Aukera paregabea da konpainiek esku-eskura izan ditzaten munduko talenturik onena eta proiektu berritzaileenak, fabrikazio aurreratuaren, energiaren, osasunaren eta elikaduraren sektoreei azken teknologiak aplikatzen dizkietenak. Lau edizioren ondoren, BIND 4.0 programak guztira 108 startup azeleratu eta 4.0 industriako 173 proiektu garatu ditu.

Programa startup berritzaileen, enpresa handien eta ekintzailetzaren euskal ekosistemako eta 4.0 industriako eragileen arteko topagune izateko helburuarekin sortu zen, eta guztira 52 enpresa liderrek parte hartu zuten azken edizioan. BIND 4.0 startup onenen garapena bultzatzera zuzenduta dago, 4.0 industriaren teknologia berrietan oinarritutako soluzioak erabilita (Big Data, errealitate birtuala/areagotua, elkarlaneko robotika, gauzen Internet (Internet of Things), 3D inprimaketa eta abar) eta manufaktura aurreratuaren, energiaren, osasunaren eta elikaduraren esparruetan aplikatuta.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako erreferentziako enpresa handiak, beren negozioen transformazio digitala bultzatzeko apustu irmoa egin dutenak, hala nola Coca-Cola, Ferrovial, EDP, AVIA, SNA Europe edo Sarralle, besteak beste, Mercedes-Benz, Arcelor Mittal, ABB, Iberdrola, Michelin, ITP Aero, CAF, BTI Biotechnology Institute, Quironsalud edo Siemens Gamesa bezalako izenei gehitu zaizkie azken urteetan. BIND 4.0 2016. urtean hasi zenetik hirukoiztu egin da trakzio-enpresen kopurua: orduan 15 ziren eta azken edizioan 52. 

BIND 4.0 programako trakzio-enpresa bat izateko baldintzak

BIND 4.0 programako trakzio-konpainia gisa parte hartu ahal izateko baldintza jakin batzuk bete behar dira. Lehenik, manufaktura aurreratuaren, energiaren, osasunaren edo elikaduraren esparruei lotutako enpresa izan behar du eta, gutxienez, jarduera-zentro bat izan behar du Euskal Autonomia Erkidegoan. Bigarrenik, guztira 250 langile baino gehiago izan behar ditu, eta startupekin lan egiteko interes eta konpromiso handia. Eta, azkenik, programan aintzat hartutako jardueretan aritzeko eta inplikatzeko prest egon behar du: aurkezpen-ekitaldietan, startupak ebaluatzeko eta hautatzeko prozesuetan, startupen mentorizazioan eta, besteak beste, azelerazio-programaren Demo Day jardunaldian parte hartzen.

BIND 4.0 berrikuntza irekiko ahalmen handiko plataforma gisa finkatzen ari da eta aukera paregabea da trakzio-enpresentzat, munduko talenturik onenaren identifikazioa eta harekiko harremana arintzen baitu, puntako teknologiak eskuratzeko aukera eman eta 4.0 industriako proiektuak eta soluzioak arintasunez garatzea ahalbidetzen duen aldi berean. Ekimen horrek, gainera, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren sostengua dauka, SPRI Taldearen bitartez gauzatua. Eusko Jaurlaritzaren enpresa-garapeneko agentzia Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzailetzaren ekosistemaren buru da, UpEuskadi plataformaren bitartez.

Trakzio-enpresa gisa parte hartzea eskatzeko, sartu hemen: www.bind40.com.

BIND 4.0-ri buruz

Talentua eta startup onenak erakartzeko mundu-mailako lehiaren esparruan Euskal Autonomia Erkidegoan fabriken digitalizazioa bereizgarri duen Laugarren Industria Iraultza deritzona garatzeko apustuaren emaitza da BIND 4.0 programa. Helburu horretan bildu dira Euskal Autonomia Erkidegoko eragile publikoak (Eusko Jaurlaritza, SPRI Taldea, Foru Aldundiak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroak) eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten enpresa-korporazio pribatu nagusietako 52, baita laguntzaile teknologiko gisa parte hartzen duten nazioarteko punta-puntako konpainiak ere, hala nola Siemens, Microsoft eta Amazon Web Services. Programak alde bien interesak uztartzen ditu: alde batetik, euskal enpresa handiek soluzio teknologiko berriak proposatzeko gai diren startupak behar dituzte, eta bestetik, BIND 4.0 programak laguntza ematen die startup horiei hainbat esparrutan, hala nola fakturazioan, entzute handiko bezeroen bidez merkaturako bidea zabaltzen eta garapeneko hasierako fasean inbertitzeko eta/edo finantzatzeko baliabideak ematen. Modu horretara bi helburu konbinatzen dira: goraka ari diren enpresa-proiektuak azeleratzea eta finkatutako konpainiei transformazio digitalerako bultzada ematea.