Donostiako Herrera auzoko Estibaus udal pilotalekuak, Donostia Kirolak burutu dituen hobekuntza lanak amaitu ondoren, behin betiko aldagela eta komun berriak ditu.
Pilotalekuak, ireki zirenetik, prefabrikatutako aldagelen modulu bat zuen, eta hura berritzea zen kirol instalazio hori erabili ohi duten auzoko pertsona eta erakundeen eskaeretako bat. Eraikin txiki bat egin da, bi aldagela eta dutxekin, bi komun eta biltegi bat dituena kirol materialerako. Gainera, harmaila txiki bat ere eraiki da.
Pilotaleku horretan egin den beste ekintza garrantzitsu bat ura iragazteagatik zeuden hezetasun-arazoak ezabatzea izan da. Azkenik, babes sareak berritu dira eta pilotalekua ere pintatu da. Jarduera horien guztiek 150.000 euroko inbertsioa izan dute.
Pilotalekuak dira hiriko kirol gunerik ugarienak: gaur egun 31 udal pilotaleku daude eta urtero diru kopuru handia bideratzen da horiek mantendu eta hobetzeko. Aurten ere Amara Zaharreko udal pilotalekua berritzeko lanak egiteko asmoa dago, 220.000 euroko aurrekontuarekin.