Koronabirusaren kasu positiboen kopurua bederatzi pertsonatan mantentzen da Euskal Autonomia Erkidegoan

0

Euskal Autonomia Erkidegoan kontabilizatutako kasuen kopurua bederatzitan mantentzen da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak gaur baieztatu dutenez. Pertsona guztiak egoera onean daude eta etxeko jarraipena egiten ari zaie.

Bien bitartean, Osakidetzako erreferentziazko hiru ospitaleek (Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea, Txagorritxuko Unibertsitate Ospitalea eta Donostiako Unibertsitate Ospitalea) jardun-protokoloak aplikatzen jarraitzen dute eta ohiko osasun-asistentziari eusten diote.

Era berean, Osasun Publikoko epidemiologiako taldeek eta Osakidetzak jarraipena egiten ari zaie baieztatutako kasuen kontaktuei, baita arrisku-irizpideak betetzen dituzten balizko kasu susmagarriei erantzuten ere.

Osasun Sailak jakinarazi du, orobat, gaur goizean bertan Mahai Teknikoak bilera bat egin duela Osasun Ministerioarekin. Bilera horretan, jadanik ezartzen ari ziren prebentzio-neurriak areagotzea adostu da; bereziki, osasun-arloko langileen zaintza indartuta. Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntza- eta informazio-ekintzak abiarazten ari dira dagoeneko. Ildo horretatik, gaur bertan beste zirkular bat bidali zaie erakunde guztiei. Zirkular horretan, prebentzio-arau osagarri batzuk jakinarazten dira, eta arreta handiz jokatu behar dela adierazten da.

Bestalde, gaur, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Nekane Murgak Euskadiko Kontseilu Soziosanitarioa egin dela baliatu du gai honen inguruan azken orduko informazioa emateko hura osatzen duten erakundeei. Bere hitzaldian, foru- eta udal-erakundeekiko koordinazioa indartzera bideratutako zenbait jardun jakinarazi ditu.