Jaizkibel mendiko ekialdetik datozen euri urak jasotzeko proiektua erritmo onean doa

0

Gaur goizez obra bisita egin da uholdeen prebentziorako Jaizkibel mendiaren ekialdeko ezpondan Txingudiko Zerbitzuak egiten ari den proiektua ikustera. Hantxe izan dira Udaletik Txomin Sagarzazu Alkatea eta Juan Mari Altuna zinegotzia, eta Leire Zubitur, Txingudiko Zerbitzuetako gerentea.

“2019ko urrian hasi zen proiektua. Obren lehenengo fasea amaitu da eta aurki jarriko da martxan bigarren fasea. Arrokako biribilgunean zirkulazioa berrezarri da, Baserritar Etorbidera igotzeko debekua ezik, eta orain obrak Higer Bidetik igoko dira; bertan, kolektore nagusia jarriko da eta errei bat okupatuko da, beraz, zirkulazio-tarte alternatiboak egongo dira, semaforo batek araututa” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak.

“Hiritarrei eta bisitariei eskertu egin nahi diet izaten ari dira pazientzia. Obra guztiek beti sortzen dituzte egonezinak, baina inguru honetan euri asko egiten zuenean gertatzen ziren zonaldeko uholdeen arazoa arintzea eta Higer Bideko euri-urak hustutzeko baliabide faltari irtenbidea aurkitzea da helburua, eta denok aterako gara irabazle”.

“Lehentasunezko obra da eskualdearentzat eta hiri-drainatze sarea osatzeko aurrerapausua suposatzen du” gehitu du Sagarzazuk.

Ia bi metrotako kolektoreak

Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak gehitu duenez, “lehen fasean diametro handieneko kolektoreak jarri dira, 1,80 metrokoak. Bi gainezkabide eraiki dira, biribilgunean dauden euri-urak eta ur beltzak bereizteko, Baserritar etorbidean eta Iterlimen sarea banatzen amaitzen ez den bitartean”.

“Gainezkabideak legedi berriak eskatutako tresnekin hornitu dira, elementu solidoei eusteko eta horiek itsasora ez isurtzeko”.

“Proiektua P2025 Inbertsio Programaren baitan dago eta lehen fase honetarako aurrekontua 2,4 milioi eurokoa da; %42,5ean URAk, Uraren Euskal Agentziak, finantzatuko du eta %57,5ean Txingudiko Zerbitzuakek. Obren iraupena, gutxi gorabehera, 14 hilabetekoa izango da, eta ibilgailuen trafikoa uneoro mantentzeko lan egin da” amaitu du Zubiturrek.