Emakundek enpresekin eta soldata arrakalaren kontra egiten duen lana azaldu du Aukera Berdintasunari buruzko Bartzelonako I. Biltzar Nazionalean

0
PRUEBA

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak Aukera Berdintasunerako I. Biltzar Nazionalean parte hartu du gaur Bartzelonako World Trade Centerren. Foro horretan, Emakundek eta EAEko berdintasun-politikek berdintasunari eta enpresari dagokienez duten esperientziaren berri eman du Landaidak.

Zehazki, Emakundeko zuzendariak azaldu du zertan datzan Emakundek ematen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde Laguntzailearen Aitorpena; enpresei ematen zaizkien diru-laguntzen berri eman du, beren erakundeetan berdintasun-diagnostikoak eta -planak egin ditzaten; eta Bai Sareari buruzko informazioa eman du, Berdintasunerako Laguntzaileen bereizgarria duten 63 erakundez osatutako enpresa-sareari buruzkoa. Honekin batera Euskadin soldata-arrakala murrizteko Estrategia eta Ekintzarako Plan Operatiboaren berri ere eman du.

Landaidak azpimarratu du berdintasun planen garrantzia, enpresetako desberdintasunei aurre egiteko funtsezko tresna diren aldetik, eta adierazi du hau argi uzten duela martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuak, enpleguan eta okupazioan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzkoak, handitu egiten duelako berdintasun plana izan behar zuten enpresen kopurua.  Zehazki, 2022ko martxoaren 7rako, 50 langile edo gehiago dituzten enpresa guztiek plan bat izan beharko dute. Horrek ekarriko du  hiru urtean 2.173 enpresek egin behar izatea Euskadin berdintasunerako plan bat. Emakundeko zuzendariak azpimarratu duenez, betebeharraz haratago, «aukera bikaina da egiten ari garen lana hobetzeko, pertsonen kudeaketa eta gure negozio-esparruak ebaluatzeko eta, aldi berean, berdintasunean aurrera egiteko eta gure enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Berdintasun-planek desberdintasunei modu integralean heltzea ahalbidetzen dute, eta, horregatik, funtsezko tresnak dira soldata-arrakala murrizteko, horretan eragiten duten faktore ugariri eragiten baitiete «.