Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak KSI Berritzaile deialdirako proiektuak aurkezteko epea ireki du

0

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak KSI Berritzaile diru-laguntza deialdira proiektuak aurkezteko epea ireki du. Kultura eta sormen industrien (KSI) arloko berrikuntza programa honen helburua da berrikuntza proiektuak laguntzea kultur (musika, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, ikusizko arteak, kultura-ondarea eta edizioa) eta sormen sektoreetan (bideo-jokoak, diseinua, moda, hizkuntzaren industriak, publizitatea, artisautza, eduki digitalak, arkitektura eta goi mailako gastronomia) . Deialdiak 420.000 euroko aurrekontua izango du aurten.

Egitasmoa sailen arteko elkarlanaren ondorioa da (Kultura eta Hizkuntza Politika; Lehendakaritza; eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailen artekoa hain zuzen), eta ebaluazio eta jarraipena Kultura eta Sormen Industrien RIS3 Pilotaje Taldearen bitartez egingo da.

Aurtengo deialdiak dakarren aldaketa nagusia da bi ardatz izango dituela, hiru beharrean. Hortaz, 2020. urtean ardatzak honako hauek izango dira: Berrikuntza eta Transferentzia Teknologikoa (1. ardatza) eta Antolamendu ereduaren eta Enpresa Egituraren Berrikuntza (2. ardatza). Finantzazio eta ekonomia arloko aholkularitzari dagokionez, oinarrizko prestakuntza programan gaiaren inguruko modulu berezi bat eskainiko dela, interesa duten enpresentzat.

Eusko Jaurlaritzak 2017an jarri zuen abian KSI Berritzaile egitasmo pilotua, proiektu berrietarako aukera-guneak sortu eta garatzeko asmoz, eta kultura eta sormen industrien alorreko enpresak lagunduz.

Aurtengo deialdiaren xehetasun guztiak helbide honetan kontsulta daitezke: http://www.euskadi.eus/ksi-berritzaile-2020/web01-a2kulind/eu/

KSIak Euskadin

Europan era azpimarragarrian garatzen ari dira kultura eta sormen industriak, eta eragin handia dute ekonomiaren garapenean eta hirien suspertzean. Euskadiren kasuan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2020 Planean sartutako RIS3 (Regional Innovation Strategyfor Smart Specialization) izeneko Europako berrikuntza-estrategia berriaren barruan, Euskadin espezializazio adimendunaren lehentasun estrategikoak identifikatu dira, eta horien artean dago kultura eta sormen industrien arloa.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak urteak daramatza kultura eta sormen industriak sustatzera bideratutako hainbat proiektu garatzen, kultura-esparruan sormenari lotutako gehituz eta orain arte kulturaren bazterretan egon diren diziplinak aintzat hartuz. KSI Berritzaile da ildo horretako proiektu nagusietako bat.