2019an 27.500 lagunek jaso zuten Doako Laguntza Juridikoa

0
PRUEBA

Lan eta Justiziako sailburu Maria Jesus San Josek, gaur, Euskadiko Abokatutzako eta Prokuradoretzako Elkargoek emandako Doako Justiziako zerbitzuek 2019an garatutako jardueraren balantzea aurkeztu du. Zerbitzu horiek 2.500 profesional baino gehiago dituzte (abokatutzako 2.379 profesional eta prokuradoretzako 190), pertsona guztien egiazko tutoretza juridikorako eskubidea bermatzeko, euren baliabide ekonomikoak edozein direla ere.

San Josek adierazi duen bezala, Lan eta Justizia Sailari dagokio Euskadiko Abokatutzako eta Prokuradoretzako Elkargoek eskainitako doako laguntza juridikoko zerbitzuak gainbegiratzeko eta diruz laguntzeko neurriak hartzea. Elkargoek, berriz, lege-laguntza, defentsa eta ordezkaritzako zerbitzuak antolatu behar dituzte; halaber, doako laguntza juridikoa eskatzen duten pertsonei aholkularitza-zerbitzua —doakoa— eman behar diete, pertsona horien beharrak orientatzeko eta bideratzeko helburuarekin.

“Guztion artean —azpimarratu du—, Administrazioaren eta Elkargo profesionalen artean, gutxien babestuta dauden herritarrei benetako babes judiziala jasotzeko eskubidea bermatzen dizkien zerbitzuak eskaintzen dizkiegu berdintasun-baldintzetan, eta euren legezko eskubideak eta interesak behar bezala babesteko aukera ematen dugu”.

2019an zehar, Doako Laguntza Juridikoko Batzordeen aldeko txostena 27.508 eskaerek jaso zuten guztira. Aurreko ekitaldian baino % 15 gehiagok.

Ofiziozko Txandaren barruan, abokatutzak 27.610 jarduketa burutu zituen eta prokuradoreek, berriz, 15.906. Abokatuek bakarrik betetzen duten Guardiako Txandari dagokionez, guztira 22.042 jarduketa burutu ziren.

2019an, Doako Justiziarako dirulaguntza gisa, 15.614.000 euro bideratu ziren guztira; aurreko ekitaldian baino % 7 gehiago. Gehikuntza hori Doako Justizia Dekretu berrian egindako hobekuntzen ondorioa izan da. Izan ere, baremo berriak sartu ziren, administrazio-tramiteak erraztu ziren, genero-indarkeriako kasuentzako modulu espezifikoak sortu ziren eta konplexutasun bereziko kasuetarako modulu bereziak finkatu ziren.

Doako Laguntza Juridikoko Zerbitzua emateko, Abokatutzako hiru Euskal Elkargoek Goarkiako Txandara atxikitako 1.768 profesional  (910 gizon eta 858 emakume) eta Ofiziozko Txandara atxikitako 2.379 profesional (1.232 gizon eta 1.147 emakume) dituzte. Jurisdikzio zibelaren, penalaren, administrazioarekiko auzien eta jurisdikzio sozialaren arloetan, auzitan jarduteko nahikoa bitarteko ekonomikorik ez dutela frogatzen duten pertsona guztien eskubideak eta interesak euren gain hartzen dituzte profesional horiek.

Euskadiko Prokuradoreen hiru Elkargoek emandako datuen arabera, Ofizioko Txandan, guztira, 190 profesionalek jarduten dute (138 emakumek eta 52 gizonek), eta jardule gisa, berriz, 340 ari dira lanean (238 emakume eta 102 gizon).