Arabako Foru Aldundiak, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bidez (GOFE), aurten 6,1 milioi euro bideratuko ditu finantzatzeko Apdema Adimen Desgaitasunen bat duten Pertsonen aldeko Arabako Elkarteak kudeatzen dituen foru titulartasuneko zerbitzuak; besteak beste, laguntzadun etxebizitzen zerbitzua eta Arreta Goiztiarreko Zentroa. Guztira, lau lankidetza hitzarmen ditu sinatuta foru erakundeak foru erakundearekin. GOFEren Administrazio Kontseiluak onespena eman dio hitzarmen horietatik batzuk luzatzeari, zeinei esker 1.500 pertsona inguruk zerbitzu eta baliabide horiek erabiltzen baitituzte.
Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatua bi etxebizitza horietan egon da (Mariturri eta Zapardiel taldeentzako etxeak), zeinak Gasteizen baitaude eta zeinetan 20 lagun bizi baitira. Harekin batera Ana Belén Otero Gizarte Zerbitzuen zuzendaria eta Begoña Rodríguez GOFEko Desgaituen Arloko zuzendariordea izan dira.
Ana Peñacoba Apdemako zuzendariaren eta Estitxu López erakundeko etxeen arduradunarekin laguntzari esker, Emilio Solak baliabide mota horiek zer nolako funtzionamendua daukaten jakin izan du; izan ere, haietan adimen desgaitasunen bat duten eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak bizi dira, etxerik ez daukatelako edo hala behar dutelako familia eta lan arrazoiengatik edo arrazoi pertsonalengatik. Etxebizitza horietan, behar duten berariazko laguntza ematen diete profesionalek, ahalik eta autonomia pertsonal handiena eta gizarteratzea lor dezaten.
Apdemak kudeatzen dituen laguntzadun etxebizitza zerbitzuak 11 etxebizitza ditu, Gasteizen, Oionen, Laudion eta Amurrion banatuta, non iaz adimen desgaitasunen bat duten 98 lagun bizi izan baitziren. Foru zerbitzu horiek pertsona horien autonomia sustatzen duten hainbat programa ere baditu, eta atseden zerbitzua ere ematen diete haien senideei.
Hitzarmenean bizimodu independentea izaten laguntzeko programa bat ere badago. Programa horren bidez, adimen desgaitasunen bat duten eta bakarrik bizi diren pertsonei laguntza ematen diete; izan ere, laguntzadun etxebizitzetan bizi direnek ez bezala, pertsona horiek ez dute erakundeen edo senideen laguntzarik haien etxeetan. 2018an, 40 pertsona inguruk hartu zuten parte programa horretan, zeinaren helburua baita pertsona horiek ahalik eta autonomoenak izatea kanpoko laguntza horri esker.
Gainera, etxebizitza zerbitzuaren hitzarmenean badago senideei laguntzeko eta atsedena emateko programa bat ere. Programa horri esker, adimen desgaitasunen bat duten umeen eta gazteen senideek atseden har dezakete asteburuetan edota opor garaian eta, horrela, norberaren eta familiaren bizitza uztartzen laguntzen diete.
Aisialdia eta atsedena
Aisialdi eta atsedena ere GOFE eta Apdemaren arteko lankidetzan sartzen dira, adimen desgaitasunen bat duten bostehun bat laguni arreta emateko foru erakundeak daukan bigarren lankidetza hitzarmen bati esker. Pertsona horiek beren aisialdiaz gozatzen dute Apdemak Gasteizen, Laudion eta Amurrion banatuta dauzkan aisialdi zentroetan; gainera, oporretako, gizarte eta kultura animazioko eta kirol jardueretako programetan parte hartzen dute. Aisialdia bereziki garrantzitsua da talde horrentzat, haiek gizarteratzea ahalbidetzen baitu, bizi kalitate handiagoa ematen baitie eta ahalduntzea sustatzen baitu eremu guztietan, halako moldez non pertsonek beren bizitza kontrolatu baitezakete eta gizartean bizi diren aldetik beren eskubideak baliatu baititzakete.
Halaber, Apdemak kudeatzen duen arreta goiztiarreko foru zentroak garapen nahasmenduak dauzkaten edo izateko arriskua daukaten 6 urtera arteko 800 haur ingururi eman zien arreta iaz. Arreta Goiztiarra estimulazio, fisioterapia eta logopediako esku hartze multzo bat da. Arreta horrek arlo asko hartzen ditu, hala nola, osasuna, hezkuntza, gizartea. Horren helburua da lehenbailehen erantzutea beren garapenean nahasmendu fisiko, psikiko edo sentsorialen bat, besteak beste, prematuritatea, sortzetiko asaldurak, entzefalopatiak eta atzeratasun psikomotorra, agertzen duten edo arrisku hori duten umeen beharrei.
Bukatzeko, GOFEk lankidetza hitzarmen bat du sinatuta Apdemarekin erakundearen funtzionamendurako eta haien jarduerak garatzeko.