Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDELek aurrera egiten dute Gizarte Zerbitzuen arloko koordinazio- eta lankidetza-mekanismoetan

0

Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Lantaldeak bere jarduerari ekin dio berriro ostegun honetan, Lurraldeko Gizarte Zerbitzuetako koordinazio- eta lankidetza-mekanismoetan era bateratuan aurrera egiten jarraitzearen ondoreetarako. 2008ko Gizarte Zerbitzuen Legeak finkatzen duen eskubide subjektiboa lurraldean era eragingarrian hedatzeko tresna da; Lantaldean  elkarrekin egiten dute lan Foru Aldundiak eta Lurralde Historikoko udalek.

Erakunde arteko lankidetza-organo honen bileran Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza eta Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko sailetako ordezkariek parte hartu dute. EUDELen aldetik udal ordezkaritza eratu dute Juan Ibarretxek, Bilboko zinegotziak; Amaia Agirrek, Getxoko alkateak; Imanol Zuloagak, Gueñesko alkateak; Elixabete Uribarrik, Plentziako alkateak; Aitor Lopezek, Zaldibarko zinegotziak; Mª Jose Blancok, Portugaleteko zinegotziak, eta Loren Olivak, Etxebarriko alkateak.

Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Lantaldeak erakundeen arteko adostasunetik eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren oinarri diren administrazio-maila bakoitzarekiko errespetutik lan egiten du. Horiek horrela, aurretik egindako lana eta lortutako akordioak oinarri hartuta, gaurko bileran datozen hilabeteetarako lan ildoak zirriborratu dituzte.

Hala aldeek konpromisoa hartu dute lankidetza-mekanismoetan lan egiteko adinekoentzako ostatuen etengabeko arreta hobetzeko, Foru Aldundiaren eta EUDELen arteko esparru-akordio bat lortzea espero baitute. Ildo beretik, izaera orokorragoarekin, akordio bat lortu da foru eta toki administrazioen arteko informazio-trukeari bultzada emateko, gizarte zerbitzuen arloko elkarreragingarritasunari dagokionez. Azkenik, «Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako eta haien seme-alabentzako harrera-baliabideen sarea» proiektu pilotuan lan egitea adostu da.